Txoko Feministak 600 sinaduragaz aurkeztutako mozioa onartu dute udal taldeek, aho batez.
Berdintasun teknikari propioa izatearen alde herritarrek sinatutako testua aho batez onartu du Elorrioko udalbatzak. Orain, lanpostua egonkortzeko azterketa prestatuko du udalak.
Legegintzaldi hasieran, zerbitzua Amankomunazgora eroateko aukeraren inguruan berba egin zuen EAJren gobernu taldeak. Horren aurrean, Txoko Feminista sinadurak batzen hasi zen lanpostua herrian mantentzearen alde, eta 600 herritarren eta elkarteren babesa jaso du testuak.
Mozioan azaltzen dutenez, 2001ean lehen Berdintasun Plana egin zenetik, lanpostua egonkortzen joan da “horretarako beharra ikusi delako”. Horregatik eskatu dute “lanpostua egonkortzeko beharrezko bitartekoak abiaraztea, eta legegintzaldia bukatu baino lehenago gauzatzea”.
Joseba Mujika alkateordeak azaldu duenez, EAJren helburua “Berdintasun Plana garatzea da”, eta 600 sinadurak ikusita, “hausnarketa egin, eta lanpostua egonkortzea” erabaki dute; “denok irabaziko dugu”. Bilduko Olga Albenizek esan du asko pozten dela jarrera aldaketarekin, eta eskerrak eman dizkie herritarrei eta, “bereziki emakume elkarteei, egindako presioagatik”.