Elorrioko historian sakontzeko aukera, kofradiak ezagututa

Anboto 2013ko mai. 15a, 09:20

Astelehenetik, Iturri kultur etxean ikusgai dago Elorrioko kofradien inguruko erakusketa

Astelehenetik, Iturri kultur etxean ikusgai dago Elorrioko kofradien inguruko erakusketa.

 

Hausnartzeko gonbidapen bat. Horrela aurkeztu zuen Jesus Muñizek Iturri kultur etxean ikusgai dagoen erakusketa berria. Elorrioko kofradien ingurukoa da, historian atzera egin eta herriaz gehiago jakiteko aukera eskaintzen duena. Udalak eta Bizkaiko Eleiz Museoak sustatu dute. Museo horretakoa da Muñiz, eta Raquel Cillagaz batera prestatu du erakusketa. Astelehenean inauguratu zuten, eta hainbat herritarren aurrean eman zituzten azalpenak.

 

Muñizek adierazi zuen, besteak beste, Argiñetako indusketen harira otu zitzaiela erakusketa egitea. Gune arkeologikoan topatutako aztarnek diote 800 eta 1100 urteen artean bazirela biztanleak; komunitate horietan sortu ziren kofradiak, Erdi Aroan, baina ez dakite seguru noiz. Izan ere, kofradien inguruko lehenengo dokumentua 1471koa da, salerosketa batena. Ikertzaileen arabera, Gazeta, Miota eta Argiñetan zeuden auzoen antolaketarako kofradiak. Ermiten bueltan sortzen ziren, baina Cillak azaldu zuen, batez ere, funtzio administratiboa zeukatela. Lurren gestioa, arauak, auzolanak... Gerora, bestelako kofradiak sortu ziren Elorrion, indar handia hartuko zutenak: erlijiozkoak. XVI. mendean jaio zen lehenengoa, Sortzez Garbiaren kofradia.

 

Hilabetez egongo da zabalik Elorrioko historian murgiltzeko erakusketa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!