Udalak inkesta egingo die 300 herritarri; ekainean egitea aurreikusi dute.
Udalak inkesta bat egingo du telefonoz 300 herritarregaz. Helburua da, udalak berak eskaintzen dituen zerbitzuez eta bere gestioaz galdetzea, elorriarren iritzia jakitea. Udal gobernuak kudeaketarako ardatz estrategikoak zehaztu ditu, eta horren inguruan herritarrek daukaten asetze maila aztertu gura dute. Zuhurtzia ekonomikoa, gardentasuna, segurtasuna, hezkuntza eta kultura daude, besteak beste, ardatzen artean. Zerbitzuetan, garbitasuna, kirolguneak eta parkeak izango dira aztergai, adibidez. Inkestak ekainean egitea aurreikusi dute, Ana Otadui alkatearen berbetan.
Tokiko Gobernu Batzordean onartu dute egitasmoa, EAJk eta PPk. Carlos Garciak (PP) adierazi du, tresna oso eraginkorra dela zertan asmatu den eta zertan ez jakiteko. Bildu abstenitu egin da; Idoia Buruagaren ustez, herritarrekin ardatzak zehaztu beharko lirateke lehenik. “Ardatz estrategikoak zeintzuk diren euren kabuz erabaki dituzte, eta gero herritarrei gogobetetasuna galdetu nahi diete. Hori onartezina da”.