Indianoak egindako harribitxiak auzokideen zaintzan

Anboto 2013ko mai. 6a, 11:59

Berriozabaletako lekurik ezagunena iturri ikusgarri bat da, auzoan jaiotako indiano baten laguntzagaz egina; amerikanoak hainbat berrikuntza ekarri zizkion bere garaian auzoari

Berriozabaletako lekurik ezagunena iturri ikusgarri bat da, auzoan jaiotako indiano baten laguntzagaz egina; amerikanoak hainbat berrikuntza ekarri zizkion bere garaian auzoari.

 

Auzo txikia da Berriozabaleta. Egun ona dagoenean, bertatik Anbotoko mendizerra, Oiz inguruak... Dena argi-argi ikusten da. Elorrioko auzo honetara Berrizko bidetik, Miotan ezkerretara hartuta heltzen da. Aramiño eta Leiz artean, auzo baketsua da. Ikustekoak dira bertako iturria eta Santa Katalina ermita. Biak bertan jaio zen amerikano batek agindutakoak dira.

 

Jatorrizko baserriak hiru dira auzoan: Berriozabalgoitia –Goitikoa– eta Berriozabalurrutia –Urrutikoa– eta Berriozabalbeitia –Betikoa. Azken etxe hartan jaio zen Manuel Placido Berriozabalbeitia. Etxeko bigarren anaia, bizimodua aurrera ateratzeko Andaluzia aldera joan zen. Handik ibili ostean, kanpora jo zuen, eta Peruko administrazioan egin zuen lan. Ameriketatik bueltatu zenean, 1828an, Madrilera joan zen bizi izatera eta ministro beharretan ibili zen, baina Elorriogaz hartu-emana mantendu zuen.

 

Berriozabaletan, anaia nagusiak mesede bat eskatu zion; bigarren semearentzako etxe bat egitea, familian eztabaidarik ez egoteko. Etxea egiteaz gainera, indianoak auzoko bizimodua hobetzeko garbilekudun iturria eta Elorriora eta San Agustinera joateko galtzadak ordaindu zituen. Galtzadak auzoko lehen etxera heldu aurretik, ezkerretara daude. Bide bakarra da hasieran, eta gero bidegurutzea dago Elorriora eta San Agustinera. Bidegurutzearen inguru hori Dantzaleku deitzen da. Izen hori hartu du auzokideen elkarteak.

 

Berriozabalbeitiak, obrak ordaintzeaz gainera, obrak mantentzeko ilobari baserri bat utzi zion, Zeleta, hark errentan emateko. Errenta haren fruituekin ordaindu ziren urte askoan mantentze lanak. 1945 urtera arte aguazila arduratzen zen Berriozabaletara igo, bideen egoera ikusi eta konponketak agintzeaz.

 

Ermita, auzoko elkargunea

Aurten, baselizan konponketa lanak egitekotan dira auzokideak. Leihoak eta atea konpontzeko auzolanean ibiliko dira, eta teilatuak ere berrizteko premia dauka; horretarako enpresa baten laguntza izango dute. Asmoa da auzoko jaietarako konponduta egotea. Jaietarako zabaltzeaz gainera, ermita afarietarako eta umeen txokolatadetarako ere erabili ohi dute. Santa Katalina jaiak azaroaren 25ean edo hurrengo domekan ospatzen dituzte Berriozabaletan. Gaztaina-jana eta dantzariak izaten dituzte, besteak beste. Txitxiburduntzi eguna eta San Juan eguna ere ospatzen dituzte auzoan. Auzokideek 2007an Dantzaleku elkartea sortu zuten, auzoko arazoak, eskaerak eta baseliza, iturria eta bideen zainketa bultzatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!