Urteotan taldetik pasatu diren dantzariak elkartzea da taldearen helburua.
Besaide dantza taldeak 45 urte bete ditu dagoeneko, eta urtemuga berezi hori ospatzeko, egun osoko jaialdia egingo dute gaur. Goizean, kalejira egingo dute herritik, eta 12:30ean dantza saioa. Ostean, trikipoteoan irtengo dute, eta 14:30ean bazkarian batuko dira. Bazkalosterako erromeria prestatu dute, Gozo-Gozo taldeagaz. Urteotan taldetik pasatu diren dantzariak elkartzea da taldearen helburua, Maialen Piña begiraleak azaldu duenez. 300 lagunek eman dute bazkaltzeko izena.
Horrez gainera, taldean egiten den lana erakustea ere gura dute. “Askotan lan hori ez da ikusten”, esan du. Umeen dantza taldea da Besaide; gaur egun, 70 haur dabiltza euskal dantzak ikasten, hogei bat begiralegaz. Piñak dio, oso gustura egiten dutela lan boluntario hori. 45 urtean lan handia egin dela esan du, euren aurrekoak gogoratuta: “Eurei eskerrak heldu gara honaino, eta espero dugu guk ere erreleboa edukitzea”.