San Eloy taldearen mozioa eztabaidatuko du udalak, gaur

Anboto 2013ko api. 19a, 12:00

Bilduk aurkeztu du mozioa; Otaduik dio \"adostasunetara heltzea\" duela helburu

Bilduk aurkeztu du mozioa; Otaduik dio "adostasunetara heltzea" duela helburu.

 

Iketz (Abadiño) eta San Eloy (Elorrio) enpresetako beharginek euren 210 lanposturen defentsan babesa jasotzen jarraitzen dute. Elorrioko Udalak ezohiko udalbatzarrean San Eloy taldearen inguruko mozioa eztabaidatuko du, gaur, 18:00etan. Dokumentua Bilduk aurkeztu duen arren, enpresako langileen ordezkariek sinatutakoa da. Mozioan, beharginen lanpostuen defentsan udalak “dagozkion gestioak” egiteko eskatzen dute.

 

Ana Otadui alkateak helburua adostasunetara heltzea dela azaldu du, eta mozioaren edukien alde dagoela. Gaineratu duenez, sindikatuekin, zuzendaritzagaz, eta administradore konkurtsalagaz elkarrizketatu da egoeraren berri bertatik bertara izateko. Gainera, esan duenez, Eusko Jaurlaritzagaz ere elkartu da: “Arantxa Tapia sailburuari eskatu diot arazoa konpontzeko euren esku dagoen guztia egin dezaten”.

 

Iketzetik (Abadiño) San Eloyra (Elorrio) martxa antolatu zuten beharginek joan zen zapatuan, bizi duten egoraren aurrean protesta egiteko. Hainbat lagunek mobilizazioarekin bat egin zuten. EH Bildu, Abadiñon Iketz aurrean agerraldia egin zuen martitzenean EH Bilduk. Dani Maeztu legebiltzarkideak azaldu zuenez, “salagarria da, Jaurlaritza San Eloy taldearen jabea ere badenean, beste alde batera begiratzen egotea”. Jaurlaritzarena da San Eloy taldeko akzioen %18; beharginak gobernuko ordezkariekin batu izan dira inplikazioa eskatzeko, baina ez dute lortu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!