Udalak Kirolaren Plan Estrategikoa onartu du udalbatzarrean. Herriko kirol jarduerak koordinatzea eta instalazioak beharretara egokitzea dute helburu, besteak beste.
Esaterako, aurtengo udan kiroldegian lanak egitea aurreikusi dute –kantxak, aldagelak...– eta Eleizalden kirol gunea egiteko proiektua 2014ko udan –tartean, kanpoko igerilekuak. Horrez gainera, Elorrioko ingurune naturala kirolerako erabiltzea ere sustatu gura dute, baita bidegorri sarea sortzea ere.
Aitor Agirre zinegotziak (EAJ) azaldu zuen urtebeteko lana dagoela planaren atzean; diagnostikoa egin dute, eta datozen urteetarako lan ildoak zehaztu dituzte. “Instalazioak, behar direnak eta kalitatezkoak izatea” gura dute. EAJk eta PPk babestu dute plana. Bilduk ez, planaren aurka egon ez arren.
Gobernu taldeak dio partaidetza prozesu bat garatu duela plana idazteko. Baina, Bilduren ustez, erabilitako modua ez da nahikoa izan, eta mezu elektronikoen bidez egin izana kritikatu dute.