Aurtengo Emakume Eskolan parte hartzeko izena eman ahal da dagoeneko. Ikastaroak eta berbaldi bat antolatu dituzte udaleko Berdintasun sailetik.
Bilobak zaintzen dituzten amonen bizi-kalitatea hobetzea. Helburu horretara begira jardungo dute Emakume Eskolan eskainiko duten ikastaro batean. Horrez gainera, beste ildo batzuk ere landuko dituzte: garapen pertsonala sustatzea, norbere zaintzarako tresnak eskaintzea, amona zaintzailearen rolaren inguruko hasunarketa kritikoa bultzatzea... Maiatzaren 7an hasiko da ikastaro hori, eta ekainean amaitu. Guztira, hamazortzi ordu iraungo du; Kontxi Lopezek gidatuko du.
Apirilaren 22an ekingo diote lehenengo ikastaroari. Elikadura eta autoestimua landuko dituzte saio horietan. Beste tailer bat ere garatuko dute maiatzaren 3an eta 4ean, maitasuna eta bikote hartu-emanak ikuspegi kritiko batetik aztertzeko. Bestalde, berbaldia apirilaren 29an izango da. Mari Luz Esteban antropologoak emango du Iturri kultur etxean.
Izena emateko interesa daukatenek udaleko erregistrora jo beharko dute, edota webgunean dagoen inskripzio-orria inprimatu eta Berdintasun sailera bidali. Bost euro ordaindu beharko ditu bakoitzak.