Landa eremuak GIS sistemagaz lokalizatu eta baserrien seinaletika egingo du udalak. Egitasmo biak esleituko ditu datozen egunotan.
2013ko aurrekontuetan zehaztu legez, udalak landa eremuetarako proiektu bi garatuko ditu laster. Batetik, landa eremu horiek GIS sistema geografikoaren bidez lokalizatuko ditu; bestetik, baserri eta auzuneen seinaleztapena egingo du. Datozen egunetan obra horietarako esleipena egingo duela iragarri dute prentsa ohar bidez. Lokalizazioaren helburua, larrialdi egoerei lotutakoa da, Ana Otadui alkateak oharrean azaldu duenez: "Larrialdi taldeek inolako denborarik galdu gabe, laguntza zehazki non behar den aurkitu dezaten". Larrialdi bat gertatzen bada, sistemak ingurune hori identifikatu eta zelakoa den esango die su-hiltzaile edo poliziei. Esaterako, bidearen zabalera, sarbide mota, zelako ibilgailua pasatu ahal den... 21.280 euroko aurrekontua dauka egitasmo honek.
Bide-seinaleetan, auzoaren izena eta bertako baserrienak agertuko dira. Gainera, herriko plazetan ere ipiniko dituzte panelak. Ideia honegaz, herriko zein kanpokoen joan-etorriak erraztu gura dituzte. Proiektu honetarako, 9.752 euro gorde dituzte.