Udaberriari begira bisita gidatu berriak eratu ditu udalak: \'Kaletarrak\' izenburupean Elorrioren historia erakutsiko duten bisitak egingo dituzte martxoan eta apirilean. Euskaraz eta gaztelaniaz izango dira.
Hirigunearen sorreratik eta familia boteretsuetatik abiatuta, Elorrioko historian zehar ibilbidea egingo dute. Familia hauek, inguruetako baserrietatik eratorriak, eragin handia izan zuten hiribilduaren sorreran eta ondorengo industria eta ekonomiaren garapenean. "Elorriok bizi izan zuen oparotasun garairako atzera begirada egingo da: XV eta XVIII mendeen artean,ekimen handiko familiek Elorrioko burdin eta armagintza industrian ez eze, tokiko eta nazioarteko komertzioan izan zuten pisuaren gaineko atzera begirako bat egingo da". Elorrion dauden jauregi artistiko ugariak historia horren eta gertakari haien isla dira.
Euskaraz eta gazteleraz egingo dituzte bisitak. Horretara, martxoaren 29an eta 31n, eta, apirilaren 6an, euskaraz egingo dira bisitak. Martxoak 28an eta 30ean, eta, apirilaren 1 eta 7an, berriz, gazteleraz. Guztiak 11:00etan hasiko dira, antolatzaileek azaldu dutenez . Elorrioko Udaletxean izango da elkargunea.
Ordu eta erdi inguru iraungo dute bisita gidatuek eta hiru euro balio dute. Aurretiaz eman beharko dute interesa dutenek. Horretarako edota informazio gehiago jasotzeko 605 726 420 telefonora deitu daiteke edo turismo@elorrio.net helbide elektronikora idatzi.