Bilduk herrian Emakumeen Kontseilua sortzea proposatu du azkeneko Berdintasun eta Gizarte Ekintzako batzordean. Horretarako, herriko emakume taldeei batzar baterako deia egin gura diete.
Prentsa ohar bidez eman du Bilduk bere ekimenaren berri: “Uste dugu kontseilu hori oso tresna eraginkorra izan daitekeela gure herrian berdintasuna lortzeko konkistan lan egiten jarraitzeko”. Bilduren iritziz, kontseilu horrek organo aholkularia, kontsultakoa eta informatzailea izan beharko luke.
Gainera, erakunde horrek erabakiak hartzeko ahalmena eta gaitasuna eduki beharko lukeela uste dute. “Udal politikak diseinatu eta ezartzeko orduan emakumeok egin ditzakegun ekarpenak, interesgarriak izateaz gainera, nahitaezkoak iruditzen zaizkigu”, esan dute.