Eusko Jaurlaritzako Tetra sarean integratu dute Elorrioko Udaltzaingoa. Komunikazio sistema hau poliziak eta DYA edota SOS Deiak lako zerbitzuek erabiltzen dute.
RDDM irrati mugikorra erabiltzen duen komunikazio sistema da udaltzainek jasoko dutena. Ertzaintzagaz komunikatzeko balioko die, esaterako. Beste abantailen artean, azaldu dutenez, gainerako polizien eta larrialdi zerbitzuen datu baseak ikusi ahal izango dituzte.
Ana Otadui alkateak prentsa ohar bidez esan du informazio trukaketa arinagoa posible egingo duela. "Esku-hartzeen bikoizketa saihestu dezake". Udaltzainek dagoeneko badaukate sarea erabiltzeko materiala, eta euren arteko koordinazioa ere hobetu dela uste dute arduradunek. 5.537 euroko aurrekontua zehaztu dute proiekturako.
Gaueko zaintza
Bestalde, urtebete da udalak Durangoko Ertzain-etxeeagaz hitzarmena sinatu zuela gauez herrian segurtasuna bermatzeko. Orain arte autoz egin izan dute zaintza, baina hemendik aurrera oinez ere egingo dutela adierazi dute. "Udalbatzatik oso positiboki baloratzen dugun ahalegina da", esan du Otaduik.