Gazteen alokairua finantzatuko dute aurten, lehenengo bider

Anboto 2013ko mar. 15a, 09:08

Gazte bakoitzak alokairuaren %50 jasoko du, gehienez, dirulaguntza legez

Gazte bakoitzak alokairuaren %50 jasoko du, gehienez, dirulaguntza legez.

 

Gazteei, etxeko alokairua ordaintzeko dirulaguntzak ematea onartu du udalak. Finantziazio hori lehenengo bider garatuko dute Elorrion, azaldu dutenez. 9.000 euroko poltsa gorde du udalak horretarako, eta eskatzaileen arabera kopurua handituko dutela esan dute udal ordezkariek.

 \"\"

Gazte bakoitzak alokairuaren %50 jasoko du gehienez, eta 250 euroko muga ere ipini dute. 18 eta 35 urte bitartekoek eskatu ahal izango dute laguntza urrian, eta alokairuko etxe horretan erroldatuta egon beharko dute. Laguntzetatik kanpo geratuko dira 750 euro baino gehiagoko alokairuak, eta 28.000 euroko diru-sarrerak dauzkaten gazteak ere bai.

 

Ana Otadui alkateak esan du, udalak gazteen emantzipazio prozesua bultzatu gura duela neurriagaz: “Are gehiago sasoi hauetan, gazteria krisiak gehien kaltetuenetako kolektiboa da-eta”. Bildu ez dago ados EAJgaz, Idoia Buruagaren esanetan: “Atsekabetuta gaude oraingoan ere, dirulaguntza hau, arazoa benetan konpontzeko beharrean, bere alderdiko propagandarako baino ez darabilelako”.

 

Bilduk, besteak beste, ez du ulertzen kuota bakarreko ordainketa: “Laguntza behar duten gazteek hilero beharko dute”. 750 euroko alokairu mugari ere gehiegizko deritzo, Elorrion alokairu hori “luxuzkoa” dela uste duelako. PPk ekimenaren alde egin du. Carlos Garciak esan du gauza gehiago egin ahal direla, baina neurri hau urrats positiboa dela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!