25. urtemugako jaia, Gaztetxearen historia hazten jarraitzeko

Anboto 2013ko mar. 1a, 13:00

Gaztetxeak urteurren festa antolatu du biharko; bertatik pasatu diren herritarrak batu gura dituzte

Gaztetxeak urteurren festa antolatu du biharko; bertatik pasatu diren herritarrak batu gura dituzte

 

\"\"“Jai erraldoia izatea gura dugu”. Berba horiekin azaldu dute Elorrioko Gaztetxeko kideek biharko eratu duten urteurren festa. 25 urte bete ditu Gaztetxeak, eta urteotan bertatik pasatu diren herritar guztiak batu gura dituzte data berezi hori ospatzeko. Horietako askorekin batzarrak egin dituzte azken asteetan, bakoitzak bizitakoa batu eta gaur egungo egoeraz berba egiteko. 

 

Ibilbide gora-beheratsua izan dela diote, baina argi daukate Gaztetxearen beharrizana egon dela eta badagoela. 1988ko urtarrilean okupatu zuten hainbat gaztek Iturri eraikina. Okupazio horrekin, gainera, herriko hainbat taldek hartu zuen bere lekua Iturrin. Handik gutxira udalagaz obretarako akordio batera heldu arren, gero lotura hori eten egin zen, eta autogestioan sakontzen hasi ziren gazteak. Asanbladen funtzionamendua martxan ipini zuten, eta Jarrai, Kemen edota EMK lako taldeek ere parte hartzen zuten batzarretan. Logoa sortu, eraikina atondu, eta urte bereko karnabaletan zabaldu zuten Gaztetxea herriaren aurrean.

 

Urte gogorrak Maila politiko eta sozialean sasoi gogorra izan zen Gaztetxearen sorrerakoa. Borroka eta elkartasun dinamiken bilgune izan zen: intsumisioa, presoen aldeko ekimenak... Gaztetxeko kideek adierazi dutenez, 1991 eta 1992 urteen artean itxita egon zen sei hilabetez. Drogen kontsumoak eta jende faltak eragin ei zuten egoera hori. Gero, koadrilaka ere antolatu ziren denboraldi batez. Arazoak arazo, Gaztetxeak bizirik dirau Elorrion. Herrirako alternatiba sozial eta kultural legez ikusten dute kideek, eta gazteei ere ekarpena egiten diela uste dute: “Pertsona bezala hazteko beste modu bat eskaintzen du”. 25 urte bete, eta hazten jarraitzeko asmoa daukate.

 

 


Sasoi gaitzen gainetik, etorkizunean ere herrian eragilea izan guran

 

Gaztetxearen egoera ez dela onena diote, baina eragiteko esperantza daukate

 

\"\"Sasoi gatxak lantzian behin, baña ipoñak ernegau eraingo dau ondio. Hori da Gaztetxeak urtemugaren testuinguruan kaleratu duen leloa. Gaztetxearen egoera onena ez dela diote kideek, baina oraindik eragiteko eta mugitzeko esperantza daukate. “Azkeneko urteetan gainbehera bat egon da. Gainera, belaunaldi pilo baten hutsunea dago”.

 

Hala eta guztiz ere, eta gizartearen tendentziak eta gaur egungo bizi ohiturak ikusita, Gaztetxea mantentzea meritua dela uste dute. Izan ere, Durangaldeko zein Euskal Herriko gaztetxe askoren egoera ere eskasa dela adierazi dute. Gazteen aisialdian aldaketa handia ekarri du gazte-lokal pribatuen agerpenak. Horrek, eragina eduki du gaztetxeetan. Baina, eremu bien uztartzean egon ahal da bidea: “Orain lokala daukaten batzuk ere etortzen hasi dira”, diote elorriarrek. Azken boladan belaunaldi berri bat hasi da eguneroko bizitzan parte hartzen. Horretaz gainera, biharko prestatu duten jaialdiagaz ere mugimendua aktibatuko dela espero dute gazteek.

 

EGITARAUA

  • 11:00-14:00. Umeentzako jolasak
  • 13:00. Antzerkia Karrikagaz
  • 13:00. Egunari harrera
  • 14:00. Familia argazkia plazan
  • 15:00. Bazkaria kiroldegian. Ostean, Pez Kao antzerkia.
  • 18:00. Kalejira eta ekitaldia
  • 19:30. Kontzertu akustikoa Gaztetxean: Kokein, Txabolakumeak eta Gorantz Erori Proiektua. Mapping ikuskizuna Logela multimedia & Summun art.
  • 22:30. Kontzertuak karpan: Willis Drummond, Iheskide eta Ze Esatek!. Ostean, Dj Bull.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!