Euskaraz dakitenen kopurua handia izan arren, erabilera oso txikia ei da.
Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) onartu berri du udalak. 2017ra arteko asmo eta ekintzak zehaztu dituzte, eta erabileran sakontzea izango da helburu nagusia. Izan ere, herriko euskaldunen artean inkoherentzia sumatu dute; euskaraz dakitenen kopurua handia izan arren, erabilera oso txikia ei da.
Kezka hori agertu zen EBPN osatzeko udazkenean garatutako hausnarketa prozesuan. Hainbat herritarrek parte hartu zuten batzarretan, baita zenbait elkartetako kideek eta Ana Otadui alkateak eta Maite Peñakoba zinegotziak ere. Transmisioa lantzeko, etxeko erabileran eragitea izango da EBPNren zereginetako bat.
Partaideen arabera, gurasoek euskaraz egiten diete umeei, baina helduen artean gaztelania erabiltzen dute. Horregatik, Gurasolagun bultzatuko dute, euskaraz jarduteko aita eta amen sareak sortzeko. Bestalde, Berbalagun ekimenean euskaldun zaharren premia igarri dute. Gazteen atalean, partaideen ustez, euskara ez zaie erakargarri egiten. Motibazioan ere ikusten dute hutsunea. Hausnarketekin jarraitzeko, Euskararen Aholku Batzordea sortuko dute udalean.