Entesport enpresari 109.000 euro itzultzeko eskatzea onartu du udalak; Niko Morenok dio ordainketak prozedura administratibo guztia pasatu zuela.
Elorrioko Udalak 2006an esleitu zion Entesport enpresari Kirol Etxearen kudeaketa. Joseba Mujika alkateordeak (EAJ) dioenez, 2010ean dirua galtzen zebiltzala argudiatuz udalera jo zuen enpresak. Kudeaketa bertan behera utzi gura zutela jakitera eman zion Entesportek orduko Niko Morenoren (ANV) gobernu taldeari.
Kontratua bi urtez luzatzea erabaki zuen udalak, eta enpresari galeren %16,25 ordainduko ziotela, urtero jasotzen zuten 150.000 euroko kanonaz aparte. Kanpoko auditoria batek galerak neurtuko zituela adostu zuten. EAJk kritikatzen duenez, udalbatzak adostutakoaren arabera, 2011n 50.000 euro inguru ordaintzea onartu zuten. “Niko Morenok alkatetzako erresoluzio bidez, beste 52.000 euro bideratu zituen Entesportera. Galerei beharrean gastuei aplikatu zieten portzentajea eta hortik dator irregulartasuna, hori ez baita udalak adostu zuena”. Mujikak dioenez, Kirol Etxeko kudeaketa lizitatzen hasterakoan konturatu ziren aurreko legegintzaldian“ gertatutakoaz” .
Morenoren erantzuna
Niko Moreno alkate ohiak azaldu duenez, ordainketa guztiz erregularra izan zen eta prozedura administratibo guztiak bete zituen. Kontu-hartzaileagaz, idazkariagaz eta aholkulari juridikoagaz hartu zuela erabakia gaineratu du. “Maltzurkeria hutsa da ordainketa irregularra izan zela esatea”.