Durangaldean ehun kaltetu baino gehiago egongo direla uste dute. Guztira, 40.000 izan daitezkeela diote. Bankuen eta kutxen bidez, hainbat herritarrek Eroski eta Fagorren ekarpenek erosi zituzten bere garaian.
Aurrezteko bide bat zela esan zieten, baina orain, ezin dute diru hori eskuratu. Elkarte bat sortzen dabiltza, eta Ricardo Gonzalez de Durana arabarra da bultzatzailea. Bere antzeko egoeran dauden pertsonak batzeko informazioa banatzen hasi zen. Harrezkero, 400 dei inguru jaso ditu, Durangaldekoenak hogei baino gehiago. Horietako bat da Lourdes Okaranza elorriarra.
Zergatik ezin duzue dirua berreskuratu?
Ricardo Gonzalez de Durana: MCCk aportazioak diseinatu zituenean, bazkideen artean eta kutxen eta bankuen bidez –Euskadiko Kutxa, BBVA, Santander, BBK...– saldu zituen. Finantza entitateek aurrezteko bide baten moduan saldu zizkiguten guri. Berez, gure dirua Eroski eta Fagorrera joan denez, kooperatibak likidatzea erabakitzen ez duten artean ezingo dugu dirua eskuratu. Guk ez dugu nahi hori pasatzerik; dirua berreskuratzea baino ez dugu gura.
Zer esan zizueten aportazioak eskaintzerakoan?
R.GD.: Segurua zela, ez zuela burtsan kotizatuko, eta Epe Finkorako kontu baten antzekoa zela, baina gura nuenean atera ahal izango nukeela dirua. Hori esan digute, eta fidatu egin gara. Bestela, pentsaezina da inork bere aurrezkiak Eroskiri uztea interes baten truke. Jendeak dirua irabazi gura balu, burtsan inbertituko luke.
Lourdes Okaranza: Gurean ere, senarrak galdetu zuen ea dirua atera gura bagenu zenbat denborara atera ahal izango genuen, eta 24-48 ordu arinago eskatuta nahikoa izango zela esan zigun Ipar Kutxako zuzendariak. Kontuaren egoeraren laburpena heldu zitzaigunean, balioa bajatu egin zela ikusi genuen. Zuzendariak esan zigun aportazioen balioa bajatu egin zela. Krisiagatik zela. Orain, inbertitutakoaren %30 balio dute.
Zer bide hartu duzue?
R. GD: Boikot aktiboa hasi dugu. Irudia zikindu eta bezeroen bidez boikota egitea gura dugu. Abokatuekin justiziaren bidea hartuz gero, diru asko gastatuko genuke, eta urteak egon gaitezke epaiketetan. Gure dirua bueltatzea ez bueltatzea baino merkeago ateratzen zaionean bueltatuko digu MCCk dirua. Balantza orekatu behar dugu. Horretarako, ahalik eta kaltetu gehien batu behar gara. Kaltetuak 16.000 eta 40.000 artean dira. Zarauzko andra bat, esaterako, nik soinean daukadan kamisetaren antzekoa (preferenteen ingurukoa)jantzita bankura sartu eta irten ibili zen. Azkenean, diru guztia bueltatu diote, borrokalaria izateagatik.
L. O.: Argi utzi gurako nuke gu ez goazela enpresetako langileen kontra. Badakigu langile askok ere sartu zutela dirua aportazioetan. Gure dirua berreskuratzea baino ez dugu gura. Gehienak helduak gara; interesak ondo etortzen zitzaizkigula eta jubilazioan diru hori aprobetxatzeko sartu genuen askok dirua horra. Gu ez gara inbertsore handiak, aurreztaileak gara. Eroskiren sorreran hainbat herritarrek parte hartu genuen, helburua herriko jendeari lana ematea zelako. Aportazioekin eurei laguntzeko bide bat ikusten genuen, eta laguntzeko dudarik ez genuen eduki. Konfiantza osoz, Kutxako zuzendariak aurrez esan ziguna sinistu genuen, kontratuko letra txikia begiratu barik. Eguaztenero, Bilboko Plaza Biribilean kontzentratzen dira kaltetuak, 12:00etatik 13:00era. Informazio gehiagorako: 653745280