Maristetako eta Lourdesko Ama ikastetxeko ikasleek hainbat esperimentu praktikan jarriko dituzte zapatu goizean, Elorrioko plazan eta elizpean
Zientzia eta teknologia arloko ezagutza ez da liburuetan geratzen den teoria hutsa. Eguneroko bizimoduan erabilgarri zaigula erakusteko, Durangoko Maristak eta Elorrioko Lourdesko Ama ikastetxeetako ikasleek Zuk ere egin ahal duzu Zientzia eta Teknologia jardunaldia eratu dute zapaturako.
Elorrioko plazan eta elizpean jarri dute hitzordua, goizeko 10:00etatik 14:00etara. Herritarrak zientzia eta teknologiara jakinminez hurreratzeko, ikasleek bitxikeriak azalduko dituzte. Praktika horien bitartez, zientzia eta teknologia edonork gozatu dezakeela erakutsi gura dutela azaldu dute antolatzaileek.
Bertaratzen diren eta parte hartzen duten guztiek otzara baten zozketan parte hartuko dute. Sei esperimentu jarriko dituzte martxan: musika eta bideo muntaia, sormen teknikak, mikroskopioen bidez zelulak aztertzea, Elorrioko uraren analisia, turbina baten funtzionamendua eta bere diseinua 3D-n eta eguzki panelak (nitrogeno likidoa, bizikletak energia sortzaileak...).