Alemaniako Peine hiriko hogei bat ikasle Elorrion daude astebetez, institutuko ikasleekin elkartrukea eginez. Herriaz eta kulturaz gainera, egoera ekonomikoaz eta independentziaz ere interesa agertu dute.
Joan zen eguenean etorri ziren Elorriora Almaniako Peine hiritik, Paula Romero eta Aylin Sahin irakasleek lagunduta. Gaur goizean udaletxean egon dira Ana Otadui alkateagaz, eta hainbat galdera egin dizkiote. Krisiaren eragina Elorrion, independentzia nahia eta horren bideragarritasun ekonomikoa, herriko arkitektura... Elorriogaz interes handia erakutsi dute gazte alemaniarrek.
Egonaldia Bilbo edota Lekeitio ezagutzeko aprobetxatuko dute, esate baterako. Bi institutuen artean urtero egiten dute elkartrukea, eta elorriarrak martxoan joango dira Peinera. Ikasleen familien etxeetan pasatzen dituzte egun hauek, eta alemaniarrek esan dute etxean legez sentitzen direla. Euren ikastetxean gaztelera ematen dute aukerako ikasgaien artean, eta praktikatzeko helburuz etorri dira. Romero eta Sahin irakasleek ederto darabilte gaztelera, gainera. Romero Kanariar Irletakoa da berez, baina Alemanian dago bizitzen.
Batzuek eguraldi epelagoa espero zutela aitortu dute, baina gainerakoan pozik dabiltzala esan dute. Eguenean esango diote agur Elorriori, baita bertako lagun eta familiei ere.