EAJk igerilekuen proiektua eta herritarren iritzia ezagutu gura ditu, eta gero erabakiko du egin ala ez.
Bazirudien kanpoko igerilekuen egitasmoa laster ipiniko zela martxan, baina gobernu taldeak 2013ko aurrekontutik aparte uztea erabaki du. "Krisialdi ekonomikoko sasoi honek zuhurtziarik handiena eskatzen duelako", arrazoitu dute.
Berez, igerilekuak Elizalden egitea aurreikusi zuen udalak, eta proiektua paperean egiteko partida sortu du. Baina, lehenengo, proiektu hori eta bere bideragarritasun ekonomikoa ezagutu gura ditu EAJk. Gainera, Kirolaren Plan Estrategikoa eta herritarren iritzia ere kontuan hartu gura ditu. "Ondoren erabakiko da igerilekuen proiektuak aurrera egiten duen ala ez". PPk ere esan du erabaki zuzena dela. Bestalde, EAJk adierazi du aurrekontuen gaian Bildugaz adostasuna bilatzeko asmoz ere kendu dutela egitasmoa.
Bestalde, Bilduk esan du pozten dela parte-hartze prozesu hori martxan jartzen baldin bada. Adierazi du ez dagoela egitasmoaren kontra, baina herrian kirol mailan dauden premien hausnarketa egin behar dela lehenengo. "Gure ezetza izango zutela jakin zutenean, azken momentuan, diru-atal hori kendu zuten, baina proiektuarekin aurrera egin dute". Koalizioak dio EAJk ez duela euregaz batu gura izan gaiaz berba egiteko.
Gainera, uste du EAJk kalkulu politikoa egin duela: "EAJk egin duen irakurketa honako hau da: jendeari kanpoko igerilekuen ideia gustatzen zaio; bada, datorren hauteskundeen aurretik egingo ditugu, eta horrek irabaztea ekarriko digu".