Autokarabanetarako eskualdeko lehenengo gunea egin guran

Anboto 2013ko urt. 17a, 08:40

Autokarabanetarako guneari ekiteko 3.000 euroko partida dauka udalak; 2013ko aurrekontuei begira, Bilduk burututako parte-hartze prozesutik irten zen gaia

Autokarabanetarako guneari ekiteko 3.000 euroko partida dauka udalak; 2013ko aurrekontuei begira, Bilduk burututako parte-hartze prozesutik irten zen gaia.

 

Udalak autokarabanetarako gunea egitea onartu du, eta aurten egitasmo horri ekiteko 3.000 euroko partida sartu du aurrekontuan. Bilduren proposamena izan da, eta EAJ zein PPren babesa jasota egingo du aurrera. Aurrekontuei begira, Bilduk burututako parte-hartze prozesutik irten zen gaia, Idoia Buruaga zinegotziak azaldu duenez: "Hasieratik iruditu zitzaigun ideia ona. Turismoari bultzada ederra emango dio, eta aldi berean, gure herriko komertzio eta ostalarientzat ere onuragarria izango dela uste dugu". Izan ere, proiektu honek turistak erakartzeko balio ahal du, karabana bidezko turismoa indartzea ekarri dezake. Durangaldean sortzen den lehenengo gunea izango da. "Paisaia zoragarri hauek kontuan izanda, arrakasta izango duela uste dugu", esan du Buruagak.

 

Egitasmoaren hasiera besterik ez da, eta oraindik ez dakite zein lekutan kokatu ahal izango duten gunea. Koalizioko zinegotziak adierazi du ez dela aparkaleku soil bat. Lo egiteko, ur zikinak botatzeko, ur garbia hartzeko eta argi indarra hartzeko aukera emango luke guneak. "Leku lasai eta laua izan behar da. Herrigunetik gertu, eta posible bada, berdegune batean egon beharko lukeela uste dugu".

 

Ez da turistentzako bakarrik izango. Guneak, herriko zein inguruko autokarabana zaleei bertan ur zikinak botatzeko aukera emango lieke, esate baterako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!