2013ko aurrekontuetan sartu dute egitasmoa 42.500 euroko kostuagaz; suhiltzaile, anbulantzia eta ertzainei lana erraztuko diete lokalizazioagaz.
Udalak auzo eta baserrietako seinalitika berritzea erabaki du, eta aurrekontuetan sartu dute egitasmoa 42.500 euroko kostuagaz. Joseba Mujika alkateordeak esan du auzorik auzo geolokalizazioa egingo dutela, horrela, GPS bidez topatu ahal izateko. "Elorrion gertatu izan da baserri bat erretzen egon eta suhiltzaileak galduta ibiltzea", azaldu du Mujikak. Suhiltzaileez gainera, anbulantzien, ertzainen eta herritarren bidaiak erraztu gura dituzte horrela.
2013rako, gobernu taldearen iritziz, aurrekontu errealistak osatu dituzte, gastuak murriztuta eta gizarte politikak finkatuta. Aipatzekoa da, hurrengo aurrekontuak osatzeko prozesu parte-hartzailea egiteko konpromisoa hartu dutela. Bildu pozik agertu da: "Gobernu taldea horretara bultzatu dugu". Koalizioak bere kabuz egin du aurten prozesua, eta 80 lagunek parte hartu dute.
Baina, negoziazioengatik, EAJ kritikatu du: "Ekarpenak batzordeetan aurkeztu eta EAJk ez du bat ere jaso". Ondorioz, 19 zuzenketa egin dituzte. "Bost baino ez dituzte onartu". Gainera, Bilduk esan du iaz EAJk aurrekontu akordioa ez zuela bete, eta aurten legegintzaldi osorako akordio bat aurkeztu dietela, baina ez dutela erantzunik jaso. Jeltzaleek adierazi dute muturreko posizioak baztertu eta adostasuna lortu gura izan dutela. 22 batzorde eta hiru batzar politiko egin dituztela jakin eragin du EAJk.
PPko Carlos Garciaren abstentzioak egin du posible aurrekontua onartzea. %100ean ados egon ez arren, ideia batzuekin ados dagoela esan du Garciak. Adibidez, enplegu plana bultzatzeagaz bat dator.