Abenduaren 23rako elkartasun jaialdia antolatu du Kainaberak

Anboto 2012ko abe. 20a, 09:20

Kainaberak antolatuta, tartean izango dira eskola guztietako gaztetxoen emanaldiak

Kainaberak antolatuta, tartean izango dira eskola guztietako gaztetxoen emanaldiak.

 

Hamalaugarren edizioa izango du aurten Kainabera GKEak antolatzen duen elkartasun jaialdiak. Urtero Gabon inguruan musika, dantza eta antzerki emanaldien ikuskizuna egiten dute Elorrioko hainbat taldek, eta aurten ere hala izango da. Abenduaren 23an, 12:00etan hasiko da jaialdia kiroldegiko frontoian, eta aurten sarreragaz batutakoa Caritasi bideratzea erabaki du Kainaberak.

 

Parte-hartzaileak honako hauek izango dira: Herri ikastetxea, Txintxirri Ikastola, Lourdesko Ama ikastetxea, Agustin Garamendi musika eskola, Betsaide dantza taldea, Herrixan Dantzan taldeko kideak eta Durangaldeko txistulariak. Emanaldien artean, iaz Izarren distira lehiaketa irabazitako Mesie taldeak antzezlan berri bat eskainiko du.

 

Jaialdian herritarren borondatez batutako dirua Kainaberako egitasmoetara bideratu ohi du elkarteak. Aurten bertan beharrean dabilen Caritas elkarteari ematea erabaki dute.

 

1998an lehenengoz

Mitch urakanak 1998an Ertamerikan egin zuen sarraskiaren ostean antolatu zen lehenengo aldiz Gabon inguruko elkartasun jaialdia. Arriola kultur aretoan egin izan da ordutik hona hainbat urtetan, baina duela urte bi Hilario Azkarate frontoira lekualdatu zuten jaialdia, ikusle kopuruagatik segurtasun arazoak zeudelako Arriolan. Urtero herriko hainbat taldek parte hartzen du jaialdian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!