Elorrioko Udalak 2013an hasi gura du Elizaldeko kirol eremua berriztu eta kanpoko igerilekuak eraikitzen.
Joseba Mujika (EAJ) alkateordearen arabera, lehenik proiektu teknikoa egin beharko dute, eta 37.500 euro horretara bideratzea erabaki dute, asteon. Oinarri-pleguak onartuta, enpresa bati emango diote diseinuaren ardura, eta 2013ko lehenengo hiruhilekoan amaitzea espero dute. Gero, esleipena etorriko litzateke, eta azkenik lanen hasiera. Lanak egin ahal izateko, EAJk 750.759 euro sartu ditu aurrekontu proposamenean.
EAJk PPren babesa dauka, baina Bildurena ez. Bilduk dio gobernu taldeak ez dietela deitu gaia lantzeko, oinarriak ere ez dizkietela erakutsi. “Garbi utzi dute gurekin ez dutela inongo adostasunik nahi. Zerrendarik bozkatuena izanda, baztertuta gauzkate”. Bilduren ustez, egoera ekonomikoa ez da igerilekuak egiteko egokiena: “Erantzukizun falta itzela eta arduragabekeriaz jokatzea da”.