Fraile asuntzionistek urteetako jarduna utzi dute, errelebo faltaren eraginez.
Lourdesko Ama ikastetxeak etapa berri bat hasi du aurten. Fraile asuntzionistek urteetako jarduna utzi dute eta, egoeraren aurrean, hamahiru irakasle eta beharginek hartu dute ikastetxearen ardura. Kooperatiba sortu dute gestioa aurrera eroateko. Iñaki Arando zuzendariak esan du prozesu luze baten emaitza izan dela. Fraileek errelebo faltaren eraginez hartu zuten erabakia, eta alde bien artean adostasunera heldu ziren. Arandoren arabera, ilusio eta gogo handiz hartu dute ardura: “Kooperatibisten artean jende gaztea eta esperientziaduna dago”. Doakoa izaten jarraituko du ikastetxeak.
Ez da aldaketa administratibo hutsa izango. Ikastetxean 145 ikasle daude, eta kopuru hori handitzeko asmoa daukate. “Ikastetxea oso bizirik dago. Gurasoekin oso hartu-eman ona daukagu, eta denon artean ikastetxea gero eta hobeagoa izateko saiakeran gabiltza”. Hainbat arlo ere indartu gura dituzte. Esate baterako, euskararen erabilera: hizkuntza normalkuntzaren proiektuan partaide dira, Euskara batzordea eratu dute irakasle eta gurasoekin, bertso eskola egiten hasi dira, eta euskararen gaineko ekintza puntualak ere garatuko dituzte. Gainera, ingelesa txertatzen hasi dira maila batzuetan.
Fraile asuntzionistak 1907an heldu ziren Elorriora. Hasieran, egoitza izan zen, gero seminario, eta azkenik ikastetxe.Arandok dio fraileek bertan jarraituko dutela, kooperatibari laguntzen eta Elorrioko fededunen zerbitzura. Balio handia eman dio fraileek egindako lanari. Ez dute kristautasuna albo batera utziko: “Erlijioaren balio onak transmititzen jarraituko dugu”.