Azoka egunetan bisita gidatuak egingo dituzte indusketetan topatutako bizilekua eta kanposatua erakusteko. Arratsaldeko 16:00etan izango dira bisitak egunero; 7an eta 9an euskaraz, eta 6an eta 8an gazteleraz.
Ikerketa lanek orain arte ondorioztatu dutenez, herrixka bat egon zen Argiñetan Goi Erdi Aroan, duela hamar mende baino gehiago. Arkeologia Museoko ikerlariak ibili dira beharrean, eta San Adrian ermitaren goiko aldean aurkitu dituzte aztarnak. Herri hartako etxeak material galkorrez zeuden eraikita, eta horregatik, etxebizitzen egituren azalpen argirik ezin izan dute topatu.
Antzinako etxe horien zutoinek eragindako zuloengatik eta lurreko zirrikitu eta labakiengandik jakin dute nondik norako herrixka zen Argiñetakoa. Hainbat objektu ere aurkitu eta laborategian aztertuko dituzte, ekainean indusketen bigarren fasea hasi aurretik. Adituen berbetan, Bizkaian eta Gipuzkoan ezagutzen diren bakarrenetakoak dira aztarnok.
Kanposantua
Ermitaren behealdean antzinako kanposantu bat topatu dute ikerlariek. Berezia da, gainera, hilobiak harkaitzean zizelkatuta daudelako. Auzokideek euren hildakoak lurperatzeko erabili zituzten harrizko hilkutxen aztarnak ere badaude.
Momentu honetan aztarnategiko eremu bi horiek begi-bistan daude, baina zarratu egingo dituzte laster, aire zabalean oso kontserbazio txarra daukaten harriak direlako. Estali aurretik, baina, Elorrioko Udala bisita gidatuak antolatzen dabil, aurkitu denaren berri emateko.
Bisita orduak
Argiñetako aztarnategiak ikusteko bisitak arratsaldeko 16:00etan hasiko dituzte; 7an eta 9an euskaraz, eta 6an eta 8an, gaztelaniaz. Argiñetan bertan ipini dute hitzordua antolatzaileek, eta azaldu dutenez, 50 minutu inguruko bisitak izango dira, eta Argiñetan bertan hasiko dituzte. Doako bisitak izango dira, eta ez dago lekua aurretiaz erreserbatu beharrik.
Nekropoli ondoan aurkitutakoari tiraka
Argiñetan eta inguruetan topatutako aspaldiko hilobiak direla-eta, bertako historia erakargarria izan da hainbat historialari eta arkeleogorentzat. Dena dela, EHUko ikerketa talde batek 2010ean egin zuen lehenengo zundaketa. Lan horren ondoren hasi da Argiñetako aztarnak berreskuratzeko egungo proiektua. Elorrioko Udalak Aldundiagaz sinatu du bilduma ezagutzera emateko eta balioan jartzeko egitasmoa. Hiru ataletan garatuko dute proiektu osoa, eta 2015erako amaituta egotea espero dute.
Herritarren ekarpenak
Lehen zundaketen ondoren, elorriarrek batzarrak egin zituzten Argiñetako proiektua zelan garatu gura luketen hausnartzeko. Ondorioetan, proiektua ahalik eta naturalen egitea aitatu zuten, ingurunea eta natura babestuz. Esaterako, bertan Interpretazio Zentrorik ez egiteko eskatu zuten; egitekoan, herrigunean agian.