EAJk eta PPk babestu dute proposamena, eta Bildu abstenitu egin da.
Durangaldeko hainbat udalen antzera, Elorriokoak ere %2,5 igoko ditu herritarrentzako zergak eta tasak. Beste era batera esanda, herritar bakoitzak 0,02 euro ordaindu beharko ditu eguneko. EAJk eta PPk babestu dute proposamena, eta Bildu abstenitu egin da. Joseba Mujika alkateordeak (EAJ) esan du datorren urteko aurrekontuetarako aurtengorako baino 725.000 euro gutxiago edukiko dituztela –400.000 Udalkutxara bueltatu beharrekoa eta 325.000 eraikuntzako zergen beherakada–.
Zergen igoera, aurreikuspen horri erantzuteko erabili gura dute zati batean. Mujikaren arabera, datorren urtean udalak 45.000 euro gehiago lortuko ditu horrela, eta 2014an 90.000. Bestalde, udaleko gastuetan ere neurriak hartu beharko dituztela adierazi du, “zerbitzuak eta gastu soziala mantendu gura badira”.
Igoeraren aurrean, hobari bi eskainiko dituztela aurreratu du Mujikak: alargunei %50 Ondasun Higiezinen gaineko Zergan, eta lana sustatzen duten enpresei %50 eraikuntza zergan. Gainera, gazteei begira, alokairua ordaintzeko 250 euroko laguntza emango dutela esan du. Bilduko Idoia Buruagak adierazi du, diru kontuak orekatzeko bada, ez daudela zergak igotzearen kontra, baina jeltzaleek ez dietela igoeraren helbururik azaldu. Enpresetarako hobaria ez dela berria dio Buruagak, iaz ere bazegoela, eta diru-laguntzen gaiagaz hobari falta estali gura izatea leporatu dio. “Joan zen urtean, izoztean, harro-harro kaleratu zuten egindakoa. Oraingoan, herritarren egoera okerragoa denean, igoera proposatzen dute”.
Mujikak Bildu kritikatu du, bere ustez udaletan irizpide desberdinak erabiltzen dituelako. Buruagaren iritziz, udal bakoitzak egoera propioa bizi du, eta ezin dira alderatu.
PPko Carlos Garciak ordenantza fiskalen proposamena babestu du: “Salbuespeneko egoeran gaudenez, neurri horiek hartu behar dira”.