2013ko aurrekontuei begira, Bilduk bere proposamena osatzeko herritarren iritzia jakin gura du.
Azaroaren 15ean hasiko dute aurrekontuen inguruko prozesu parte-hartzailea. Bilduk zazpi batzar antolatu ditu elorriarrak informatu eta euren ekarpenak jasotzeko. Idoia Buruaga zinegotziak eman du deialdien berri: "Batzar labur, grafiko eta ulerterrazak izango dira". Udalak aurrekontuak egiteko erabiltzen dituen diru sarrerak zelan sortzen diren azalduko dute, eta azken urtean egindakoaz ere egingo dute berba. Herritarren ekarpenei ere egingo diete lekua, eta herrian egin beharreko proiektuen inguruko lehentasunak aztertuko dituzte. "Hartueman zuzena eduki gura dugu herritarrekin, jakiteko zer gabezi eta behar ikusten duten".
Gainera, galdetegi bat banatuko dute etxerik etxe, postontzietan. Gura duenak, galdetegia bete eta herrian zehar ipiniko dituzten buzoietan sartu ahalko du. Galdera orokorrak eta sektorialak edukiko ditu inkestak, eta ez da derrigorra izango guztia betetzea. Azaroaren 30ean amaituko da galdetegiak aurkezteko epea. Batzarretako eta galdetegietako iritziak jasota, Bilduko udal taldeak lehentasunak zehaztuko ditu, eta ondoren aurrekontuetarako proposamen bat idatziko dute. Beste batzar zabal bat egingo dute proposamen hori azaltzeko eta, horren ostean, gobernu taldeari aurkeztuko diote. Aurrekontuen prozesu osoa amaitzean, berriro ere batuko dituzte herritarrak emaitzen berri emateko.
Deialdiak:
Herrigunean
Azaroak 15: Aldapebeitia txikia, 19:00etan.
Azaroak 21: Aittu akademia, 19:30ean.
Azaroak 28: Ortuburu elkartea, 19:00etan.
Abenduak 4: Arriolan, 19:00etan,
Auzoetan
Azaroak 17: Argiñetako elkartean, 12:00etan.
Azaroak 22: Miotako elkartean, 19:00etan.
Azaroak 29: Gazetako elkartean, 19:00etan.