Gaixotasunak dauzkaten presoen inguruko informea aurkeztu du Herrirak.
Elorrioko Udalaren eta Herrira talde eragilearen ordezkariek batzarra egin zuten eguaztenean Inma Berriozabal presoaren egoera aztertzeko. Berriozabalen antzera, Euskal Herrian beste hamabi preso daude gaixotasun larriekin, Herriraren arabera. Preso horien herrietako alkateekin batzartzen dabiltza, eta dinamika horren baitan egon ziren Ana Otadui alkateagaz eta Joseba Mujika alkateordeagaz. Elorrioko herri bilguneko Ainhoa Apaolaza eta Pili Ardanza egon ziren batzarrean, eta Roberto Noval eta Ibon Meñika koordinatzaileak ere bai.
Hamahiru presoen inguruko informea aurkeztu zieten udal ordezkariei, eta kezka helarazi. Alkateak udalak onartutako mozioa eman zien, eta bertan hartutako konpromisoak betetzeko asmoa agertu zuela esan dute Herrirako kideek.
Bi konpromiso nagusi hartu zituen udalak mozioagaz. Batetik, Berriozabalen osasun-egoeraren jarraipena egitea. Horretarako, beragaz zuzeneko hartu-emana sortzea onartu zuten, behar izanez gero bisitatzera joanda. Bestetik, hainbat instituziori legea betetzeko exijitu die eta mozioari atxikimendua emateko eskatu. Iñigo Lamarca izan da lehena erantzuten: Arartekoak mozioak esandakoa babestu du.
Herrirak adierazi du bilera honetatik aurrera ere alkateekin harremanetan jarraituko dutela. Lehenengo erronda amaitzean, alkate guztiekin ekimen bateratuak egin ahalko diren aztertuko dute.