Osakidetzak azaldu duenez, segurtasuna hobetzen laguntzen du sistemak.
Paperezko errezetak zaharkitutako gauzak bihurtu dira Elorrion. Urriaren 10az geroztik, errezeta elektronikoa erabiltzen hasi dira, Osakidetzak e-rezeta legez bataiatu duena. Elorriarrek osasun-txartel berria daukate, eta berau da medikamentuak lortzeko giltza. Horren abantaila nagusia gaixo kronikoek daukate. Izan ere, ez dute errezetak egiten osasun-etxera joan beharrik; txartela farmazian erakutsita nahikoa da. Medikuak ezarritako kontrolak egitera bakarrik joan beharko dute anbulategira. Osakidetzako arduradunek azaldu dutenez, segurtasuna hobetzea da sistema berriaren helburua.
Internet bidez
Medikuak txartelean barneratzen du oharra eta, gaixoak farmaziara eroatean, beharginak ordenagailuan ikusten du. Eman beharreko botiken konfirmazioa eskatzen dio medikuari Internetez. Horrela, bezeroagaz eta berak hartzen dituen botikekin bateragarria izatea bermatuko da. Produktuen historial osoa gordeko da txartelean.
Larrañaga-Balenciaga farmaziako Arrate Larrañak azaldu du momentuz bezeroak gustura daudela sistemagaz. Bere ustez, tresna eraginkorra da, nahiz eta konfirmazioagatik prozedura apur bat luzatu. Jaio-Olabarrietako Eli Jaiok esan du eguneko lana atzeratzen zaiela, baina gero paperekin egin beharreko lan osoa kentzen diela. Sistema berriak kontrola hobetzen duela uste dute Larrañagak eta Jaiok.
2013rako, sistema EAE osoan martxan egotea itxaroten du Osakidetzak.