Lehen hezkuntzako ume eta gaztetxoen mugikortasunari buruz aztertzea eta hausnartzea helburu duen Eskola Bidea egitasmoa 2011-2012 ikasturte amaieran ipini zuen martxan udalak. Egitasmoan herriko hiru eskoletako 384 ikaslek parte hartu dute. Ikasleen erdiak eskolarako bidea oinez egiten dutela esan dute, eta %53ak nabarmendu du eguneroko ibilbidean oztopo eta arriskuak daudela.
Elorrio herri ikastetxeak, Lourdesko Ama ikastetxeak eta Txintxirri ikastolak parte hartzen dute Eskola Bidea egitasmoan. Proiektuaren lehenengo fasea da amaitu berri dutena, eta ikasleen mugikortasun ohiturak jasotzeko inkesta bete dute. Horrela, eskolara bidean mugikortasun seguru eta jasangarri bat lortzeko bidean egon daitezkeen traba eta arriskuak identifikatu gura izan dituzte. Jasotako emaitzek lehen hezkuntzako neska-mutilek etxetik eskolarako joan-etorriak aztertzeko aukera eman dute: joan-etorri hauetan duten autonomia, ibilitako distantzia, eta kaleetako elementuei buruz duten pertzepzioa zein den azaleratu da, besteak beste.
Ume eta gaztetxo hauen erdia oinez joaten da egunero eskolara. Joan-etorrien %31 egiten dira kotxean eta %16 eskola-garraioan. Gutxiengo batek, %3ak, bizikleta erabiltzen du. Udal arduradunek azaldu dutenez, ibiltzea da joan-etorriak egiteko modu erabiliena, baina, egunero kotxean eskolara doazen ikasleen portzentaia oso altua da: "Bizikleta garraiobide berri legez ageri da, eta eguraldiaren arabera erabiltzen da gehiago edo gutxiago".
Ikasleen autonomia maila ere aztertu da. Neska-mutilen %60 heldu batek lagunduta joaten da eskolara; %22 ikaskideekin egiten du eguneroko joan-etorri, eta, %8a baino ez doa bakarrik eskolara. Udal arduradunek 5. eta 6. mailako ikasleen autonomia baxua nabarmendu dute: "Adin horretako neska-mutilen %50 heldu batek lagunduta doa eskolara".
Distantziei dagokionez, umeen %39k etxetik eskolara 601 metro baino gutxiago egin behar ditu, eta %60k kilometro bat baino gutxiago. Kilometro bat eta kilometro t\'erdi egin behar dute neska-mutilen %5ak, eta kilometro bi baino gehiago umeen %16ak. Oro har, hamar minututik behera behar ditu gaztetxoen %64ak eskolara joan-etorria egiteko; %8ak hamabost minututik gora.
Egunero egin behar duten ibilbidearen bide-segurtasuna 7,22 puntugaz baloratu dute (hamarretik). Espaloiaren egoera eta dimentsioak 6,9 puntu jaso ditu eta bidegurutze eta zebrabideek 6,83. Era berean, eskolako sarrera-irteerek 7,39 puntuko balorazioa izan ditu, kaleen argiteriak 7,41 puntukoa eta bizikleta bideek 2,61ekoa. Inkestatuen %53ak traba eta arriskuak ikusten ditu; %46ak,berriz, batere ez.