Euskara bultzatzeko gune baten premia ikusi dute

Anboto 2012ko urr. 11a, 12:00

Euskararen erabilerak dauzkan ahuleziei aurre egiteko ekintzak proposatu dituzte hogeita hamar bat elorriarrek Euskara Biziberritzeko Plan Nagusirako. Kaleko hamar elkarrizketatik hiru euskaraz izaten dira Elorrion

Elorrion euskararen erabilerak dauzkan ahuleziei aurre egiteko ekintzak proposatu dituzte hogeita hamar bat herritarrek Euskara Biziberritzeko Plan Nagusirako. Kaleko hamar elkarrizketatik hiru euskaraz izaten dira Elorrion.

 

Aurreko batzar baten diagnostikoa egin eta gero, atzo –eguaztena– euskararen egoera hobetzeko ekintzak proposatu dituzte hainbat elorriarrek. Udala datozen bost urtetarako EBPN Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia prestatzen hasi da, eta horretarako herritarren ekarpenak batzeko modua izan da. Euskarari buruz sentsibilizatzeko eta euskara prestigiatzeko hainbat proposamen irten dira batzarrean, eta euskara bultzatzeko gune baten premia ere azaldu dute parte hartzaileek.

 

Talde bitan banatu dira batzarreko parte hartzaileak: batean, transmisioa eta euskalduntzearen gaia jorratu dute eta bestean, kulturgintza eta aisialdiaz berba egin dute. Hainbat ideia irten dira: euskara prestigiatu eta erakargarri bihurtu beharra, udalak bere jardueretan koherentziaz jokatzea, norbanakoak euren erantzukizunaz jabetzeko ekintzak egitea, hizkuntzaren gaia herrian berbalizatzeko premia, bai euskaldunekin eta bai erdaldunekin, elkarteei begirako sentsibilizazio lana, euskararen herriko datuak komunikatzea, jai giroan eta aisialdira begira euskararen gaineko egun bereziak antolatzea...

 

Herritarrekin egindako batzarren ondoren, Elhuyar aholkularitzako teknikariek batzarretan esandakoari forma emango diote datozen bost urtetarako plana idazteko. Parte hartzaileei bidali, eta ekarpenak egiteko tartea edukiko dute gero. Plangintza aztertu eta osotu eta gero, abenduaren hasieran plenora eroatea aurreikusten dute, bertan onartzeko.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!