Herritarren iritzia erabiliko du Bilduk aurrekontuak lantzeko

Anboto 2012ko urr. 10a, 12:50

Oposizioko koalizioak datozen asteetan prestatu gura ditu eztabaidagaiak

Oposizioko koalizioak datozen asteetan prestatu gura ditu eztabaidagaiak.

 

Oposizioan egon arren, 2013rako aurrekontuen lanketari ekin dio Bilduk. Eztabaidarako proposamenak prest eduki gura dituzte, eta horiek osatzeko herritarren iritzia erabiliko dute. Azaldu dutenez, partaidetza prozesu bat ipiniko dute martxan datozen asteetan, eta hori amaituta eztabaidatuko dute gobernu taldeagaz. Igoia Buruagak egin du berba Bilduren zinegotzien izenean: “Prozesua amaitu arte ez gara inorekin jarriko”. Hortik aurrera, gobernu taldeagaz akordioetara ailegatzeko prest daudela baieztatu du.

 

Ez da ohikoa oposizioko talde batek aurrekontuak lantzeko iniziatiba hartzea. Era parte-hartzailean egitea ere ez. “Gobernu taldeak asmorik ez daukala ikusi dugu, eta oposiziotik izan arren, indartsu eta ilusioz gaude. Honetan sinesten dugu”. Prozesuak eragina izan ahal duela ere uste du Buruagak: “Honek datorren urtera begira gobernu taldeak horrelako ekimen bat egitea bultzatzen badu, gu hor egongo gara laguntzeko. Poztuko gara”.

 

Moda bat baino gehiago

Bilduren ordezkariak esan du aurrekontuena lehenengo pausua bakarrik dela, aurrerantzean udalgintzan eredu parte-hartzailea sustatuko dutela. Parte-hartzea modan dagoen berba dela uste du, baina eurentzako moda bat baino gehiago ei da. “Demokrazia, lau urterik behin boto bat ematea baino zeozer gehiago da”.

 

Prozesura herritar guztiak gonbidatu dituzte. “Badakigu Elorrio guztion artean eraiki ahal dela, bazterketa sozial zein politikoen gainetik”. Zazpi batzar egingo dituzte eta laster emango dute deialdien berri. Inkestak ere banatuko dituzte kalean. Oinarri horregaz, lehentasunezko proiektuak definituko dituzte. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!