"Konturatu barik, erakunde bati dirua utzi diogu, bueltarako epe barik"

Anboto 2012ko ira. 30a, 08:11

Dirua aurrezteko produktu segurua zela-eta hainbat banku eta aurrezki kutxek lehentasunezko partizipazioak egitera bultzatu dituzte bezeroak. Partizipazio horiek akzio eta errenta finkoen arteko produktuak dira. Bankuen kapitala osatzen dute, eta bueltan jasotzeko, finantza erakundeak bueltatu edo norberak saldu behar ditu

Dirua aurrezteko produktu segurua zela-eta hainbat banku eta aurrezki kutxek lehentasunezko partizipazioak egitera bultzatu dituzte bezeroak. Partizipazio horiek akzio eta errenta finkoen arteko produktuak dira. Bankuen kapitala osatzen dute, eta bueltan jasotzeko, finantza erakundeak bueltatu edo norberak saldu behar ditu. Diru hori eskuragarri izango zutela esan zieten Begoña Mañaricua elorriarari eta beste milaka bezerori. Ez da horrela izan.

 

Zer informazio eman zizuten lehentasunezko partizipazioei buruz?

2009ko ekainean Elorrioko La Caixako zuzendariak proposamena egin zigun, epea amaitzen zitzaion epe finko bat partizipazio preferenteetara aldatzeko. 35.000 euro genituen bertan. Nik esan nion pisu bat konpontzeko behar nuela diru hori, eta horregatik gauza seguru bat gura nuela. Bost urteko kontratua egingo genuela esan zigun. Normala baino interes altuxeagoa edukitzen dute, gehienez % 4,5koa. Dirua gura genuenean atera ahalko ote nuen galdetu nion, eta zuzendariak baietz esan zidan, hamabost egun aurretik abisatuta zati bat edo osorik jasotzeko aukera geneukala. Ez zigun arriskuei buruzko informaziorik eman.

 

Kontratuan ‘betiereko iraungitzea’ kontzeptua agertzen zen. Zer esan gura du horrek?

Ikusi nuen, baina ni egun horietan oso lanpetuta nenbilen, eta irakurri arren ez nintzen zer esan gura zuen pentsatzen egon. Konfidantza nuen bulegoko zuzendariarengan.Batzuri azaldu zieten betiereko horrek zera esan gura zuela, ez zegoela zertan kontratua berriztatzen ibili. Edonoiz atera ahalko genuela esan ziguten denoi. Betiereko horrek esan gura du bizitza guztirako dela eta eurek gura dutenean bueltatuko digutela dirua. Egunkarian artikulu bat irakurri eta gero, iazko azaroan La Caixako zuzendariarengana joan nintzen, ea nire dirua atera ahal nuen galdetzeko. Eta ezetz esan zidan.

 

Esan zizutena eta kontratuak esan gura duena desberdina da.

Bai, eta ez dago frogarik. Kasu askotan produktu horiek saldu dituzten pertsonak beste bulego batera aldatu dituzte. Adicae elkartean batu garen erabiltzaileok uste dugu bezeroekin arazo pertsonalak ez izateko egiten dutela hori. Dirua jasotzeko bide bakarra partizipazio horiek salgai ipintzea da, bigarren mailako merkatu batean. Baina nork erosiko dizkigu, orain, zer diren gizarteratu denean? Orain salduz gero, gainera, euren balioaren %30ean salduko lirake.

 

Beste konponbderik-edo eman dizute bankukoek?

Beste produktu batzuk eskaini dizkidate. Diruaren %70 menpeko obligaziotara  aldatu dut –hamar urteko epean jaso dezaket– eta beste %30, akzio bihurtu daitezkeen obligazioetara. Obligazioak akzio bihurtzeko aukera 2015era arte daukagu. Hasieran derrigorra zen diru horren erdia aurten akzio bihurtzea, baina nahiko baxu dabiltzanez, 2015era arte daukagu aldatzeko aukera, sei hilean behin.

 

Adicae elkartera jo duzu. Kaltetu asko zaudete bertan?

Uste dut EAEn 7.000 kaltetu inguru daudela. Astero batzartzen gara eta  presioa egiten ari gara. Kaltetuok salaketa kolektiboa prestatu dugu hainbat erakunderen kontra: La Caixa, CAM, Euskadiko Kutxa, BBVA, Santander... Kontratuak baliogabetzea eskatu dugu. Baliogabetuz gero,  gure dirua eta Espainiako Bankuak ipintzen duen gutxieneko interesa ordaindu beharko ligukete, eta guk eurek ipinitako interesak eman beharko genizkieke.

 

Eta galdera da: non dago zuen dirua?

Aurrezki kutxek, akziorik ez dituztenez, produktu hauek dituzte finantzaziorako. Sukurtsal bakoitzean produktu kopuru bat saltzeko agindua izaten dute. Arazoa zera da; hirigintza lan erraldoiak finantzatzen jardun dutela. Gure dirua horretara bideratu dute. Konturatu barik, erakunde bati dirua utzi diogu, bueltarako epe barik, eurek bueltatu gura diguten arte. Hori kontzienteki ez du inork egiten. Orain, gainera, Europara begira kutxek eta bankuek euren solbentzia zaindu behar dute, eta gure diru hori beharrezkoa zaie horretarako. Produktua legala da baina bezeroei eman diguten informazioa engainagarria izan da.

 

Itxaropentsu zaudete?

Etsitzen bagara ez dugu ezer lortuko. Jendearen interesa piztu du behintzat gai honek, eta guri borroka egitea baino ez zaigu geratzen. Hazten dabilen desprestigioak kaltetu egiten ditu.Taldean elkartasun giroa sortu da, eta geroago eta gehiago batu, orduan eta hobeto izango da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!