Uda aurretik eztabaida sortu zuen Atxondoko igerilekuko prezioen igoerak. Atxondoko Udalak hitzarmen bat sinatu gura zuen Elorriokoagaz, instalazioetako gastuari batera aurre egiteko. Elorriarrek sarrera merkeago edukitzea izango zen ordaina. Baina ez ziren akordio batera ailegatu, eta elorriarrek kanpoko beste herrien prezio bera ordaindu beharko zuten. Egoera ikusita, Elorrioko Udalak diru-laguntza bidez finantzatzea erabaki zuen. Horrela, herritarrek Atxondoko erabiltzaileen kuota bera ordaintzea lortuko zuten. Bada, uda pasata, kontaketa egin dute eta 52 eskaera jaso dituzte Elorrioko udaletxean. Hori kubritzeko, 1.554 euro inbertitu dituzte.
52 eskaeretatik 25 familiarrak izan dira, ordezkariek azaldu dutenez. Hamazortzi urtez azpiko hamabost gaztek aurkeztu dute laguntza eskaera, eta familia ugarien artean zazpi agertu dira.