Ermitaren iparraldeko eremuan eta nekropolian ariko dira beharrean, proiektuaren lehen atalean.
Asteon hasi dira beharginak Argiñetako indusketa lanetan. Elorrioko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak akordioa sinatu zuten martxoan Argiñetan ikerketa egin eta ingurunea berreskuratzeko. Hiru ataletan garatuko dute proiektu osoa, eta 2015erako amaituta egotea espero dute. Lehenengo atal honetan, hasierako indusketaren ostean, eskuz jardungo dute lau arkeologok eta hiru laguntzailek. Ermitaren iparraldeko eremuan eta nekropolian egingo dute behar.
Ikerlariek jakinmina aspalditik eduki arren, EHUko ikerketa talde batek 2010ean egindako zundaketen ondorioa da egungo proiektua. Baselizaren iparraldean gizakien antzinako kokaleku baten aztarnak aurkitu zituzten: zutoin zuloak, mozketak harrietan eta egurrezko eraikuntza zaharren arrastoak. Ermitaren hegoaldean, VIII. eta XII. mendeen arteko bost hilobi estalki eta harlauzazko hilobi bat aurkitu zituzten. Zuloek eta markek, material galkorrez egindako etxebizitza-multzoa egon zela frogatzen ei dute. Hemendik aurrera, Iñaki Garcia Camino arkeologoak zuzenduko du lana. Besteak beste, Goi Erdi Aroko herrixkaren eraikuntza-historia zehaztea eta biztanleen demografia eta elikatzeko ohiturak aztertzea da helburua.