Heldu da Elorrioko jaiei izena ematen dien azoka eguna. Behi, asko, behor eta gainerako abereen artean Angel Carrascok Espainiako arraza garbiko zaldiak erakutsiko ditu Ferialekuan.
Euskal Herriko nekazaritza produktuen eta abereen erakusleiho bihurtuko da Ferialekua, Abere eta Nekazaritza Azokaren 29.aldian. Abereen artean, Angel Carrasco elorriarrak Espainiako arraza garbiko lau zaldi erakutsiko
ditu. Zaldiak afizioagatik dituela dio eta bere helburua ez da eurak saltzea, jakingosea asetzeko erakustea baino. Orain dela hamar urte ere parte hartu zuen azokan eta bisitarien artean ikusmina eragin zuela gogoratu du.
Mendraka auzoko larreetan hazi ditu lau zaldiak eta urteak joan ahala estimu handia hartu die. Muntatzeko zaldiak dira denak, Espainiako arraza garbikoak eta bakoitzak bere izena du: Obispo (hamar urte), Bronco (zortzi), Chileno (bost) eta Gatopardo (hiru). Norbaitek zaldiren bat erosteko interesa erakutsiz gero, eskaintza entzuteko prest dagoela dio, baina printzipioz ez dituela saldu nahi adierazi du.
Borja Alberdi elorriarrak ere zaldiak erakutsiko ditu aurten, baina arabiar arrazakoak, baita gurutzatutako zaldiak ere. Animalia horiez gainera, urtero legez, behi, idi, asto eta bestelako abereak ere batuko ditu azokak, 10:00etatik aurrera.
Nekazarien 70 postu
Nekazaritza postuei dagokionez, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroatik etorritako 70 postu banatuko dira Ferialekuan. Ogia, gazta, bitxiak, pilota… Denetariko produktuak egongo dira salgai. Nobedadeetako bat, andoaindar
batzuek salduko duten hortxata zukua izango da.