Kirol taldearen sorrerako bultzatzaileak eskertuko dituzte

Anboto 2012ko ira. 1a, 08:30

Elorrioko Kirol Taldeko kideek irakurriko dute Ferixa Nausikoei hasiera emateko pregoia, 20:00etan. Herriko hiru ikastetxeetako 150 ume inguruk osatzen dute EKT eta duela hamarkada bat sortu zen umeak kirolaren aitzakian elkar ezagutzeko helburuagaz

Elorrioko Kirol Taldeko kideek irakurriko dute Ferixa Nausikoei hasiera emateko pregoia, 20:00etan. Herriko hiru ikastetxeetako 150 ume inguruk osatzen dute EKT eta duela hamarkada bat sortu zen umeak kirolaren aitzakian elkar ezagutzeko helburuagaz.

 

Hamar eta hamasei urte bitartekoen eskola kirolak antolatzen dute EKTelkartekoek. Futbola, saskibaloia, eskalada, atletismoa, hipika eta surfa egiten dute umeek, besteak beste, EKTren eskutik. Duela hamarkada bat, Elorrioko zenbait gurasoren ekimenez sortu zuten EKT. Hiru ikastetxeetako umeak kirolaren inguruan elkartzeko ideiagaz hasi ziren lanean. Ordura arte eskola bakoitzeko umeek hainbat taldetan jarduten
zuten eskola kirolean, bakoitzak bere aldetik.

 

Neska-mutikoek kirolaren aitzakian elkar ezagutzeko sortu zuten EKT. Hasierako helburu hori lortu dutela uste dute taldeko kideek: ikastetxe berberetan ikasi ez arren, kirolari esker elkar ezagutzen dute umeek eta lagun berriak egin.

 

Pregoian, taldea sortu zuten eta ordutik taldean parte hartu duten guraso horiek guztiak eskertuko dituzte oraingo EKTko kideek. Hala aurreratu du Patxi Landaburuk, elkarteko kideak. Hasiera hartan zerbait egiteko beharra ikusi
zutenak eskertuko dituzte Ferixa Nausiko jaien hasierako pregoian, beraz: “Jende askoren lanari esker
daukagu gaurko funtzionamendua; beharrizana ikusi zuten, eta eurek sortu zuten dinamika bat”.

 

Hiru eskoletako guraso elkarteetako kideek osatzen dute EKTren batzordea, eta gurasoek egiten dute taldeak martxan jarraitu ahal izateko lana: borondatezko lana. Begirale lana ere egiten dute gurasoetako batzuek, eurek
antolatzen dituzte ordutegiak, arduratzen dira tramiteez eta abar.

 


Gerora begira, elkarteko taldeetan jokatu izan duten gazteak begirale izateko prestatu dituztela dio Landaburuk. Kirolean euskararen erabilera segurtatzea eta kiroleko tekniketan gehiago sakontzea ere gura dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!