Bost hilean, 653 bider erabili dute auzo-taxia elorriarrek

Anboto 2012ko abu. 30a, 11:06

Ana Otadui:\"Datu hauek ekimena arrakastatsua dela frogatzen dute\"

Ana Otadui: "Datu hauek ekimena arrakastatsua dela frogatzen dute".

 

Otsailaren 1ean ipini zuen martxan udalak auzo-taxi zerbitzua, eta ekainera arteko datuen balantzea jakitera eman du prentsa ohar bidez. Guztira 653 bider erabili dute herritarrek zerbitzua. Ana Otadui alkatea pozik azaldu da balantzeagatik: "Datu hauek helburua lortzen ari dela eta ekimena arrakastatsua dela frogatzen dute, zerbitzua gero eta elorriar gehiagok erabiltzen dute-eta". Zerbitzuaren erabilerak goranzko joera eduki du, hilez hile gero eta gehiagok hartu dutelako taxia. Otsailean egindako bidaiak 73 izan ziren, martxoan 93, apirilean 128, maiatzean 165 eta ekainean 194.

 

Auzo-taxiaren funtzioa herrigunea eta auzoen arteko lotura egitea da. Batez ere, mugikortasun arazoak dauzkatenei eta ibilgailu propioa ez daukatenei zuzenduta dagoela azaldu dute udal ordezkariek. Herriko hamazazpi gunetara ailegatzen da auzo-taxia, eta Leiz-Miota auzokoak dira gehien erabili dutenak -bidaien %32-.

 

Euro biko bidaia

Balantzean, auzotarren bidaien motibazioak ere jaso dituzte. Gehiengoak, %31k, erosketak egiteko erabili du auzo-taxia. Aisialdirako %19k, barikuetako merkaturako %17k eta osasun zentrora joateko %16k. Erabiltzaileek euro bi ordaindu behar dituzte bidaiako, eta zerbitzuaren gainerako gastua udalak kubritzen du. Momentuz, gastu hori 5.642 eurokoa da. Abuztuko etenaren ostean, irailean berriro ere martxan ipiniko dute auzo-taxi zerbitzua: astegunetan 07:30etatik 20:00etara eta zapatuetan 09:00etatik 14:30era.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!