Elorrioko Ferixa Nausietako egitarauaren aurkezpenean Elorrio Kirol Taldekoek (EKT) txupinazoa botako dutela azaldu du Ana Otadui alkateak. Bebe, Tony Ronald, Namek Planet eta Antton izango dira jaiei musika jarriko dietenak. Oihan Vegak ikuskizuna eskainiko du. 155.000 euroko aurrekontua dute Ferixa Nausikoetako jaiek.
"Adin eta gustu guztietarako egitaraua" aurkeztu du gaur Ana Otadui alkateak Ferixa Nausikoetarako. Elorrioko Kirol Taldeko kideak izango dira irailaren 1ean jaiei hasiera emango dietenak udaletxeko balkoitik txupinazoa botata. Patxi Landaburu EKT-ko kideak azaldu duenez, elkartean parte hartu duten guraso guztien lanari esker jaso dute txupinazoa jaurtitzeko gonbita. Txupinazoa bota baino lehen, abuztuaren 31n jarriko dute egitaraua martxan. EME Elorrioko Merkatari Elkarteak Aukera Azoka antolatuko du. Ohian Vegaren Zergatik praktikatzen dugu sexua erdaraz? ikuskizuna eskainiko du. Namek Planet eta Antton kontzertuan arituko dira txosnagunean.
Txosnetako ekitaldiak jaietako egitarauan sartu ditu aurten udalak. Gune honetan, Koadrillen Egunean izango da aurtengo jaietako kartelburuaren emanaldia. Bebe aberaslariak irailaren 8an bisitatuko du Elorrio.
Umeentzako, jolas-parkea eta hainbat ikuskizun prestatu dituzte, tartean Markeliñeren Zoozom ikuskizuna. Tailerrak antolatuko dituzte Txintxirri ikastolan.
Nagusientzako egitarauari dagokionez, irailaren 1erako Tony Ronalden emanaldia eta goatekea antolatu dituzte Urarkan. Arrakasta handia izaten duten ekitaldiak ere izango dira jaietan. Sukalki Eguna, Nagusi eta gazteen danborradak, Ferixa Nausikoetako Azoka, koadrillen bazkaria beste askoren artean.
Jaietako kartela
Ferixa Nausikoetako jaietako kartel lehiaketaren irabazlea Leire Balerdi elorriarra izan da. Elorrioko Ondare Ibilbidea markatzen duten baldosetako batekin osatu du aurtengo kartela. Jone Guenetxea Anbotoko zuzendariak 500 euroko saria eman dio gaur Elorrion egindako aurkezpenean.