Bake-epaileak euskaraz ez jakitea kritikatu du Bilduk

Anboto 2012ko uzt. 14a, 08:37

Bilduren zinegotzi Idoia Buruagak euskara irizpideak ez betetzea leporatu dio EAJri

Bilduren zinegotzi Idoia Buruagak euskara irizpideak ez betetzea leporatu dio EAJri.

 

Eguazteneko udalbatzarrean bake-epailea izendatu zuten. Gobernu taldearen proposamena EAJren eta PPren aldeko botoekin atera zen aurrera. Bilduk kontra bozkatu zuen, proposatutako pertsonak euskaraz ez dakiela arrazoituta.

 

Epailea elorriarra da. Idoia Buruagaren ustez (Bildu), EAJrentzako garrantzitsuagoa da epailea herrikoa izatea euskaraz jakitea baino. Lehiaketako baldintzen harira zuzendu zien kritika: “Zergatik ez duzue eskatu euskararen ezagutza eta erabilera minimo bat?”. Joseba Mujika alkateordeak erantzun zion baldintzak aurreko legealdiko berberak izan direla: “Euskararen erabilera bermatuta geratuko da”. Eztabaida ez zen hor amaitu. Buruagaren arabera, desberdina da euskara irakurtzen jakitea eta herritarrekin hartuemana edukitzea. Aditzera eman zuen EAJren bermea epaileak irakurri egingo duela dela. Buruagak euskara irizpideak ez betetzea leporatu zion EAJri: “Ez duzue betetzen euskararen ordenantza”. Mujikak esan zuen ez dagoela ados euskaragaz sentsibilitaterik ez daukatela dioenean.

 

PPren zinegotzi Carlos Garciak euskararen ezagutza bigarren mailakoa dela esan zuen: “Elebiduna izatea garrantzitsua izan daiteke, baina garrantzitsuagoa da hartuko dituen erabakiak justuak izatea”. Adierazi zuen euskaraz jakinez gero hobe dela, baina lehenengo pertsona egokia ote den begiratu behar dela.

 

Bilduren ustez, bake-epailearena ez da kasu isolatua. Udalaren kanpainetan eta propagandetan kartel gehienak gazteleraz izan direla gaitzetsi zuen Buruagak. Jakitera eman zuen herritarren kexak heldu zaizkiela Aste Berdean begirale bat gaztelera hutsean ibli delako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!