Alegazio bakar bat ere ez du jaso terrazen araudi berriak

Anboto 2012ko uzt. 12a, 12:27

Txakurren ordenantzak 156 ekarpen eduki ditu eta hamasei onartu dituzte

Txakurren ordenantzak 156 ekarpen eduki ditu eta hamasei onartu dituzte.

 

Udalak ez du ekarpen edo kexa bakarra ere jaso ostalaritzako terrazen ordenantzaren inguruan. Joseba Mujika alkateordeak eman zuen horren berri eguaztenean. Mujikaren berbetan, ostalariei ekarpenak egiteko epea eman zaie, eta inor ez da agertu alegatzen. Alegazio epea amaituta, terrazen eta txakurren araudik behin betiko onartu zituzten udalbatzarrean, aho batez.

 

Ostalarien aldetik ez, baina udalak bere zuzenketak egin ditu. Alde batetik, kristalezko itxiturez gainera polikarbonatozkoak ere baimendu dituzte. Mujikaren esanetan, merkeagoak eta arinagoak dira, eta eragin berbera daukate. Bestetik, terrazak ipintzeko ordutegia tabernak zabalik dauden orduetara luzatu du udalak. Ordenantzak neurri estetikoak ezartzen ditu, teknikoez aparte. Esaterako, eguzkitik babesteko oihaletan granate kolorea erabili beharko da.

 

Txakurren arautegiari dagokionez, 156 ekarpen jaso eta hamasei onartu dituzte. Horietatik asko ATEA animalien aldeko elkartek egin ditu. Txakurrak aske ibiltzeko gune bereziak zazpi izango dira, bederatzi beharrean.

 

Anbulatoriokoa eta Goieta ingurukoa kendu dituzte. Azken honetan lehendik antzeko gune bat badagoela konturatu dira.

 

Jabeei begirako kartelak

Txakurren jabeei zuzendutako kartelak ipiniko dituzte herrian. Portaeraz eta arauez informatuko dute kartelek. Udaltzaingoek, ostera, ikastaro bat jasoko dute araudiaren eta arau-hausteen inguruan. Udalak ordenantza zelan geratzen den azalduko die herritarrei.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!