Erakusketa bereziaren hirugarren edizioa da eta herriko argazkilariak eta merkatariak batzen ditu.
Eskapararteren hirugarren edizioa martxan ipini dute. Herriko argazkilariak eta merkatariak elkarlanean batzen dituen ekimena da. Guztira, 21 argazkik apainduko dituzte beste horrenbeste dendatako eskaparateak. Antolatzaileek azaldu dute abuztuaren 31n kenduko dutela erakusketa berezia.
Elorrio Argazki Taldeko kideek eta Elorrioko Merkatarien Elkarteko komertzioek eratu dute Eskapararte. Argazki taldeko Patxi Granadosek adierazi duenez, aurten hartueman polita sortu da argazkilarien eta dendarien artean. Hori erakusteko, Granadosek dio argazki batzuetan dendariak eurak agertzen direla.
Herrigunea gune artistiko bihurtuta, argazkigintza herritarrei hurreratu gura diete. “Komertzioa, kultura eta ikusleak batu nahi ditugu”. Horrez gainera, Parra tabernan erakusketa kolektiboa zabaldu dute.
Eskapararteren mapa bat banatzen ari dira udal bulego eta komertzioetan: ekimeneko dendak kokatu dituzte, eta bakoitzean dauden argazkien egileak ere izendatu dituzte.