"Bidean sinesten badugu eta elkartzen bagara, nork geldituko gaitu?"

Anboto 2012ko uzt. 1a, 08:54

Sortu legezkoa izango dela jakin eta aste betera \'pozik eta lasai\' dago Niko Moreno Ezker Abertzaleko bozeroalea. Etorriko diren urratsei buruz eta indarrak bateratzearen gainean jardun du galderak erantzuten.

Sortu legezkoa izango dela jakin eta aste betera “pozik eta lasai” dago Niko Moreno Ezker Abertzaleko bozeroalea. Etorriko diren urratsei buruz eta indarrak bateratzearen gainean jardun du galderak erantzuten

 

Sortu legezkoa izango dela jakin eta aste betera “pozik eta lasai” dago Niko Moreno Ezker Abertzaleko bozeroalea. Etorriko diren urratsei buruz eta indarrak bateratzearen gainean jardun du galderak erantzuten.
Zelan jaso duzu Sorturen legeztapenaren albistea?

 

Ezinbesteko pausua izan da egoera normalizatu baterantz abiatu behar badugu. Gernikako Akordioan eta Aieteko Konferentziaren ebazpenean ere ezinbesteko baldintzatzat hartu zen. Ez dakidana da zer dela-eta itxaron behar izan dugun pasa den urteko otsailetik orain arte. Sortu egoera judizial baten egon denez denbora honetan guztian Ezker Abertzaleak ezin izan du politikagintzan era normalizatuan ibili. Pozik nago, eta lasai, eman beharreko urratsek beste babes bat izango dutelako. Bide luzea geratzen da, baina hau ezinbesteko urratsa izan da eszenatoki demokratiko baterantz.

 

Bateragune lako auziak hor daude.

Bateragune auziaren ondorioak absurduak dira. Bere momentuan [Espainiako]estatuak bazekien zein zen Ezker Abertzalearen planteamentu berria, eta hori oztopatu gura izan zuen. Sortu legala zein ilegala izan, Bateragune auzia erabat absurdoa da, eta denborarekin are absurdoagoa bihurtu da. Argi dagoena da alde bat eman beharreko urratsak ematen ari dela eszenatoki demokratiko batera. Arnaldo Otegik berak epaiketan esandakoa errepikatuko nuke; “gu esaten gabiltzana gertatu egingo da”. Gure agenda eta gure bidea guk markatzen ditugu. Beste batzuek baldintzatu arren, gure bidea markatuta dago eta badakigu norantza goazen.

 

Sorturen legalizazioa begi onez hartu dute alderdi gehienek. PPk eta Espainiako Gobernuak, aldiz, ez. Jarrera horrek kezkatu egiten zaitu?

 

Bai, eta asko. Horrek esan gura du Zuzenbide Estatua eurentzako norabide bakarrekoa dela; euren aldeko ebazpenak daudenean Zuzenbide Estatuak funtzionatzen du, baina bestela ez. Eskema zaharrekin jarraitzen dute, azken urte bietako mugimendu guztiak eta jendartearen erantzuna ikusi barik. Oraindik pentsatzen dute sektore oso batek ezin duela eskubiderik eduki politikagintzan era normalizatu batean ibiltzeko. Eurek erabili izan duten esaldi bat erabilita, orain lasai esan ahal diegu demokraziarako bidea egin behar dutela, iraganeko kontu horiek guztiak atzean utzita.

 

Markatuta dagoen bide bat aipatu duzu.Alderdi popularra ren jarrerak zenbateraino eragin ahal dio bide horri?

Uste dugu prozesua ondo bideratuta egoteko alde guztiek eman behar dutela eman beharrekoa, baina argi eduki dugu hasieratik ez gaudela eskema klasiko batean, gauzak negoziatzen eta horren arabera urratsak ematen; konbentzimenduz, erabakiak hartu egiten dira, beste aldeak egiten duena egiten duela. Bidea azkarrago edo polikiago joango da beste aldeak laguntzen badu edo ez, baina ez da ezinbesteko baldintza.

 

Zeintzuk izan beharko lirateke hurrengo urratsak?

Gatazkaren ondorioak konpondu behar dira; kartzela politika malgutu behar da eta desarmea egon beharko da. Ezinbestez, eta ez dakigu noiz eta nola, ETA eta Espainiako estatua berba egiteko jarri beharko dira. Horrez gainera,Sorturen legalizazioarekin jazarpen politikoa gutxitu da zelanbait, baina badaude beste prozesu batzuk, 18/98 eta beste, bertan behera geratu beharko liratekeenak.

 

Zer diozu biktimen aitortzari buruz?

Normaltasun elementu horietatik kanpo utzi ezin dugun zerbait da hori. Hor, aurkeztu berri duten Gleencree ekimenak aurrera begirako pista sendoa eman du: alde guztietako biktimak prozesu isil baten elkartu dira, eta hor badago bide bat benetan gura badugu galtzailerik eta irabazlerik ez egotea eta gatazka bere osotasunean gainditzea. Mailaketetan ibili beharrean, bata bestea baino biktimagoa edo errudunagoa, aitortu behar dugu denok trantsizio fase batean gaudela, aurrera egiteko. Sufrimendua ez da izan behar tresna politiko, bata bestearen gainetik kokatzeko.

 

Gernikako Akordioan, eta geroago, koalizioetan, alderdi politikoen topaguneak sortu dira. Zelan baloratzen dozu hori?

Fase berri bat sortzeko ahaleginak dira. PP, PSOE eta EAJ alderdi nagusien jardunetik paraleloan, beste mugimendu bat sortu da, helburu batekin: gatazka gainditzeko elementuak kontuan hartuta, marko demokratiko berria sortzea. Independentziarantz jo gura dugu, arrazoi ekonomiko, soziologiko eta politikoengatik. Apurka sendotzen joan den mugimendua izan da. Elkarren arteko konfidantza sortu da, eta jendartean ere konfidantza sortu du. Horrek indar politikoen arteko hartuemana sendotu du.

 

Euskal Herrian ohikoa izan da alderdi politikoak zatitzea.

Bai, eta ez da mesedegarria izan. Orain ikusi dugu badela momentua estrategikoki elkartzeko eta amankomunean dauzkagun helburuak betetzeko. Euskal Herri independentea, ezkerretik eraikitakoa eta Europan indarra edukiko duena gura dugu, ez Espainiari eta Frantziari lotuta. Batzuentzako ametsa edo utopia izan dena gertu eta gauzagarri ikusten dugu. Behar duguna da ilusio metxa hori gehiago piztea eta etsipenean ez jaustea. Bidean sinesten badugu eta elkartzen bagara, zerk geldituko gaitu? Demostratu dugu oztopo guztien gainetik aurrera joateko gai izan garela, batez ere oinarri sozial eta zabal bat dagoelako itxaroten. Indar hori kanalizatu egin behar da aurrera egiteko. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!