Urtero hainbat ekitaldi eratu ohi dituzte 1827an Elorrion jaiotako elizgizon ospetsuaren omenez.
San Balentin Berrio-Otxoa Eguna ospatuko dute eguaztenean. Urtero uztailaren 4an hainbat ekitaldi egiten dituzte 1827an Elorrion jaiotako elizgizon ospetsuaren omenez. Elizarentzat Bizkaiko zaindarietako bat da Berrio-Otxoa.
Aurtengo egitarauan, Neure amatxo maitia ikuskizuna prestatu dute antolatzaileek. 17:30ean hasiko da, Sortzez Garbiaren basilikan. Bertan, Berrio-Otxoak amari idatzitako gutunak errezitatuko dituzte musikagaz lagunduta. Vietnamen misiolari zela bidali zizkion idazlanak. Bere fedea ukatu ez eta martiri hil zuten han, 1861ean.
Berrio-Otxoa oroitzeko meza nagusia 12:00etan egingo dute, basilikan. Gainera, 20:00etan bere izena daroan abesbatzak kontzertua eskainiko du Santa Anako komentuan. Santuaren kofradiakoek bazkaria egingo dute Guria jatetxean.