Uda Gaztetxeroa izeneko programa prestatu du Elorrioko Gaztetxeak, udan herrian geratzen diren gazteei kirol eta kultur ekintzak eskaintzeko; frontenis eta futbito txapelketak antolatu dituzte ekainetik abuztura bitartean jokatzeko, baita herritik kanpora irteteko hainbat egun eta asteburu pasa ere.
Izen-ematea Gaztetxean |
Udako oporraldian herrian geratzen diren gazteei ekimen alternatiboak eskaintzeko sortu zuten Uda Gaztetxeroa programa, orain lau urte. Pilota txapelketa bategaz eta bideo-proiekzio batzuekin hasi ziren orduan. Apurka-apurka indarra hartzen joan da ekimena eta, gaur egun, dozena bat ekintza inguru eskaintzen dituzte, batez ere kirol arlokoak. Ekintza horiek guztiak aurrera eroateko, Elorrioko hainbat koadrilek dinamizatutako lan taldea eratu zuten.
Aurtengo programa jendaurrean aurkezteko, gaur jaialdia egingo dute Herriko plazan. 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara hainbat erakustaldi egongo dira: free style saioak (saltoak, zirkuituak…), malabareak (hankapaloak, soka gaineko oreka, monozikloak…) eta umeen txokoa (arku tiroa, marrazkiak, tailerrak…). Herriko pilotalekuan tirolina praktikatzeko aukera ere egongo da egun osoan zehar.
Bi motatako ekintzetan banatu daiteke eskaintza. Batetik, Elorrion bertan praktikatzekoak. Bestetik, egun pasa edo asteburu pasa irtetekoak. Lehenengo multzoan, herritik mugitu barik, pilota, frontenis eta futbito txapelketak, esaterako. Arraskata gehien dutenak dira, Zigor Ibañez gaztetxeko kidearen dioenez: “Jende gehien batzen duten ekitaldiak dira. Astelehen honetan jokatu dira fronteniseko lehenengo partiduak plazako pilotalekuan. Barra bat ipintzen dugu edariekin. Finaletan bazkari bat egiten dugu elizaren azpian edo plazan. 200 gazte inguru batzen gara bertan”.
Herritik kanpora, hainbat irteera egingo dituzte. Adibidez, kobazuloetara, Aitz Txikira, Urbasara, eta baita Pirinioetara ere.