Abokatu bi egongo dira hurrengo barikuan plazan, andra nahiz gizonen galderei erantzuten.
Herritarrei euren eskubideez informatzeko aukera emango diete abokatu bik kalean. Gaur goizean azokan egon dira, eta hurrengo barikuan plazan ipiniko dute mahaia, 18:00etatik 20:00etara. Generoagaz eta lan arloagaz lotutako zalantzak argitzea da ekimen honen helburua. Elorrioko Udalaren Berdintasun teknikaria da Maitane Iribar, eta ekimenaren zergatia azaldu du: kalera aterata, jendeak lotsa galtzea eta galderak egitea erraztu gura dute. Informazioa era ulergarrian ematen ahaleginduko direla esan du.
Iribarrek dio eskubideen gaineko ezagutza oso eskasa dela orohar; batez ere lan arloan. Jendea bere eskubideen gainean jantzi gura dute, horrela, emakumeek beraien erabakiak askatasunez hartu ahal izateko. “Ezagutza faltak eragin negatibo zuzena dauka emakumeon autonomia eta jabekuntzan”.
Desorekak egonkortu dira
Gainera, adierazi du lehendik zeuden desorekak egonkortu egiten direla Espainiako Gobernuak onartu duen lan erreformagaz. Adibidez, kontziliazio neurri ia guztiak –amatasun bajak, lanaldi murrizketak...– emakumeek hartzen dituzte. Horrek ondorio zuzenak ei dauzka jubilazioetan.
Edozelan ere, eratu duten ekimena ez dago emakumeei bakarrik zuzenduta, gurasoen artean erantzukizuna partekatzea ere sustatu gura dute-eta.
Beste gai batzuen inguruko informazioa ere emango dute. Esaterako, jazarpen laborala sufritzean zer egin. Halako kasuetan nora jo azalduko dute informazio-mahaian.