Aurtengo nobedadea herrian egingo dituzten bisita turistikoak izango dira.
Josune Ariztondo Kultura diputatuak Elorrioko udako eskaintza kulturala goraipatu du. “Kultura, kohesio sozialaren sinonimo da krisi sasoi hauetan”. Beragaz batera, Ana Otadui alkateak eta Aitor Iriarte Musikaireko programatzaileak eman dute egitarauaren berri. Zapatuan izango da udako menu kulturalaren sarrerako ekitaldia: Azoka kulturala.
Goizeko 08:00etatik 14:30era bitartean plazan egingo dute azoka. Bertan, antzinako auto eta motorren erakusketa, liburuak, filatelia edota diskoak ipiniko dituzte, besteak beste. Azoka honen hamabigarren edizioa izango da biharkoa. Bihar hasi eta uda ekitaldiz josi dute.
Udako data esanguratsuenetakoa Berrio-Otxoa Eguna izango da. Uztailaren 4ean, ohiturazko ekitaldiez gainera, antolatzaileek Neure amatxo maitia emanaldia nabarmendu dute. Balentin Berrio-Otxoak amari Vietnametik idatzitako gutunak errezitatuko dituzte.
Aurten nobedadea ere badutela azaldu du Ana Otaduik. Lau bisita turistiko prestatu dituzte: Zenita auzoaren bueltakoa, kaletarra, Sortzez Garbiaren basilikari buruzkoa eta Berrio-Otxoagaz lotutakoa.