Preso eta iheslarien aldeko mugimenduaren ildo eta helburuak azalduko dituzte iluntzean, plazan.
Elorrioko Herrira mugimenduaren aurkezpena egingo dute gaur iluntzean. 20:00etan hasiko da ekitaldia, plazan. Euskal Herri mailan egituratzen dabil Herrira, eta Elorrion ere osatu dute. Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko lanak garatu gura dituzte, mugimendu izaeragaz. Gaur emango dute ildo eta helburu horien berri.
Presoei ezartzen zaizkien hiru neurri indargabetzea da mugimenduaren lehentasuna: dispertsioa, bizi arteko zigorra eta isolamendua. Gaixo larriak askatzea ere presazkoa da Herrirarentzat. Gatazkaren irtenbideaz honakoa diote: “Prozesuak guztion partaidetza eskatzen du, baita preso eta iheslari politikoena ere”.