Eguraldiak utzi arte plazan, eta geroago elizpean, Elorrioko elkarte, familia eta norbanakoek denetarik trukatu dute azoka berezian.
"Zenbat balio du honek?" "Ez, dirurik ez dugu hartzen, zer edo zergatik aldatuko dizugu". Jostailuak, liburuak, apaingarriak, arropa, dantzarien jantziak, aldizkariak... Denetariko jeneroa eskaini dute elorriarrek antolatutako lehenengo Truke Azokan. Elkarte, familia, ume eta norbanakoak plazan elkartu dira domeka goizean. Elkarri zer aldatu jardun dute saltseoan, euriak eguerdi partean elizpera mugitu arazi dituenean.
Herriko hainbat elkartek antolatutako azoka izan da domekakoa. Intxorta Asti elkartea, Betsaide dantza taldea, Kainabera lankidetzarako elkartea eta Elorrixa ekologia elkarteak egin dute deialdia. Elkarteek adierazi dutenez, azokaren helburua "kontsumoan zentratu barik herritarren arteko hartu-emanetan sakontzea" izan da. Postuetan kuxkuxeatu, eta mota guztietako aldaketak egin dituzte.
Hainbatek, aldatzeko ezer barik irten eta etxera egin du buelta, trukatzeko zer edo zeren bila. Beste batzuek, objekturik ekarri ez, eta besarkada eta musu truk egin dituzte aldaketak.